Kargatzen...
Itxi

Birfundazioa

Otegi: 'Sortuk prozesua arrakastatsu eta zatiketarik gabe amaitu du'

eitb

Leer en Castellano

Radio Euskadiko 'Boulevard' eta ETB1eko 'Egun on Euskadi' saioetan egindako adierazpenen arabera, Sorturen idazkari nagusia alderdiaren birfundazio-prozesuaz harro sentitzen dela esan du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Arnaldo Otegi Sorturen idazkari nagusiak esan du harro sentitzen dela alderdiaren birfundazio-prozesuaz, "arrakastatsu eta zatiketarik gabe bukatu" delako. Radio Euskadiko 'Boulevard' eta ETB1eko 'Egun on Euskadi' saioetan egin ditu adierazpenok.

Otegik azpimarratu duenez, ezker abertzalearen militanteek lehen aldiz aukeratu dute zuzendaritza joan den larunbatean Bilbon amaitutako prozesuan. Horrez gain, urteetan zehar "joera bertikalista mantendu duten arren, orain hautsi egin da", esan du. Era berean, gustura agertu da zuzendaritzak jasotako babesarekin (botoen % 86).

Espainiako Estatuarekin izan beharreko harremanari dagokionez, "euskal hiritarrek ez badute estatu propioa eraikitzen, ezingo dituzte bidezko politikak izan", azaldu du. Ezker abertzalearen buruak prozesu katalanaren alde egin eta errepublika kataluniar independientea eratzea espero duela berretsi du. Dena den, urrats horrek kontzertu ekonomikoa arriskuan jar dezaketen ondorio ekonomikoak ekarriko dituela ohartarazi du. Izan ere, Otegiren aburuz, "Estatu espainiarrak, Kataluniako aportazioa galduz gero, ez du euskal kontzertu ekonomikoa errespetatuko". Hori dela eta, Euskadik burujabetza esanguratsuagoa lortu behar duela aipatu du; bestela, "miseria eta menpekotasunaren bidera doa".

Datozen urteotan, zerga-sistemaren, EiTBren eta herri-ereduaren inguruko eztabaida garrantzitsuak egongo direla gaineratu du Otegik. EAJri eta Podemosi egindako eskaintzak mahai gainean jarraitzen duela azpimarratu du. Bestalde, Bakearen Txostenari dagokionez, "EH Bilduk orain arte erakutsitako jarrera ez da aldatuko", baieztatzeaz gain, kontaketa bakarra inposatu nahi duenik badela salatu du. Bakearen Txostena ostegun honetan bozkatuko dute Eusko Legebiltzarrean.

Albisteak (3)

Bideoak (1)