Itxi

Eusko Legebiltzarra

PPk ez beste alderdiek memoriaren lantaldeko gaiak adostu dituzte

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Hitzartutakoaren arabera, biktimen, terrorismoaren deslegitimazioaren eta espetxe politikaren inguruko "akordio zabalak" lortzea du helburu lantaldeak.

Pastor (PSE-EE) eta Urkullu lehendakaria hizketan, osoko bilkura hasi baino lehen. EFE

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde guztiek, PP salbu, Memoria eta Bizikidetza Lantaldea osatzea adostu dute gaurko osoko bilkuran. Besteak beste, honako gaiak izango dituzte hizpide: biktimak, terrorismoaren eta indarkeriaren deslegitimazioa, eta espetxe politika.

EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk lantaldea sortzeko testua hitzartu dute. Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordearen baitan eratuko dute, hainbat gairen inguruan "akordio zabalak" lortzeko helburuarekin.

"Talde parlamentarioek proposatutako gaien inguruan akordio zabalak lortzea du helburu lantaldeak", ageri da onartutako testuan. Hala nola, Memoria, bizikidetza, biktimak, terrorismoaren eta indarkeriaren deslegitimazioa, espetxe politika, askatasuna, bakea eta giza eskubideak aztertuko dituzte alderdiek.

Ikuskizun zen PPk lantalde honen inguruan hartu behar zuen jarrera, negoziazioetan presoen gaia baztertzea eskatu baitzuen. Azkenean, baina, akordiotik kanpo geratu dira popularrak.

PP adostasunera bildu zedin "terrorismoaren deslegitimazioa" gaia erantsi zuten EAJk eta PSE-EEk. Alferrik izan da saiakera, ordea.

Albisteak (1)