Ekitaldia
Guda Zibilaren eta Frankismoaren biktimak omendu dituzte Sartagudan
Agentziak | Erredakzioa
Gernikako Arbolaren kimu bat landatu dute ekitaldian, eta hainbat agintarik parte hartu dute.
Gernikako Arbolaren kimu bat landatu dute gaur goizean Sartagudan (Nafarroa), "alargunen herrian", Guda Zibilaren biktimak, eta, batez ere Frankismo garaian desagertutakoak, omentzeko antolatutako ekitaldian.
Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Paolo Albanese Sartagudako alkatea egon dira omenaldian. Horiez gain, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Hiri Harremanetarako eta Erakundeetarako kontseilariak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteordeak hartu dute parte, besteak beste.
Memoriaren Parkean ekin diote ekitaldiari, eta hilerrian jarraitu dute. Han egindako lore-eskaintzara fusilatuen senitartekoak ere joan dira, baita Gernikako, Durangoko eta Otxandianoko ordezkariak ere, Sartagudako herritarrez gain. Juan Maria Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente ohiak, Adolfo Araizek eta Jose Ramon Anda eskultoreak ere bat egin nahi izan dute.
Nafarroan fusilatutako 3.000 pertsona baino gehiagoren izenen aurrean, Bizkaiko Parlamentuko presidenteak Gernika ("37ko foru-hiribildu martiria") eta Sartagudaren arteko paralelismoa ezarri du. Ana Otaduik azaldu duenez, Nafarroako Memoriaren Parkeak eta Gernikako Arbolak "bakea lortzeko dugun irrika eta basakeria ororen biktimak omentzeko nahia islatzen dute".