ELGOIBAR
Demokrazia eta askatasuna babesteko bizia eman zutenei, aitortza
EITB.EUS
Gerra Zibilean eta Frankismoaren errepresioan 'hildakoen duintasuna' berreskuratzea du helburu gaur Elgoibarren inauguratu duten kolunbarioak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Duintasunaren Kolunbarioa inauguratu dute gaur eguerdian Elgoibarren, Olaso hilerriaren ondoan. Bertan, Gerra Zibilean eta Frankismoaren errepresioan hildakoen gorpuzkiak hilobiratuko dituzte. Dagoeneko, Aranzadi Elkarteak berreskuratutako 27 pertsonen gorpuzkiak bertan daude. Demokrazia eta askatasuna babesteko bizia eman zutenen memoria eta eredua goratzea du helburu.
Inaugurazio ekitaldian izan da, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria. Horren hitzetan, "pertsona horietako askok demokrazia eta askatasuna babesteko bizia eman zuten eta espazio hori baliagarria izango da pertsona horien oroimena gordetzeko, memoria ohoratzeko eta haien eredua goratzeko".
Ehun bat lagunek hartu dute parte ekitaldian: bertan izan dira hildakoen senitartekoak, historia eta memoria elkarteak eta lurpetik atera diren udalerrietako ordezkariak. Erakundeetako ordezkariak eta buruzagi politikoak ere izan dira ekitaldian: besteak beste, han egon dira, Aintzane Ezenarro Memoriaren eta Bizikidetzaren Gogora Institutuko zuzendaria, Andoni Ortuzar EAJko presidentea, Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusia, Joe Antonio Pastor PSE-EEko eleduna Eusko Legebiltzarrean, Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea eta Carmelo Barrio buruzagi popularra.
Ahanzturatik memoriara
Urkulluk adierazi duenez, "27 pertsona horien memoria ohoratuta, Gerra Zibilean askatasuna eta demokrazia babesten desagertu ziren pertsona guztiak ditugu gogoan". Kolunbario hori, bere hitzetan, beste urrats bat da memoria historikoa berreskuratzeko bidean, eta urrats hori elkarteen, zientzialarien eta erakundeen arteko elkarlanaren emaitza da.
Bide horretan lan egiten jarraitzearen aldeko deia egin du lehendakariak, batasuna baita pertsona horien memorian eskain dezakegun aintzatespenik eta erreparaziorik onena". Ildo horretan, Urkulluk esan du Gerran desagertu ziren pertsonak injustizia kriminal baten biktima izan zirela, eta haien familiek sufrimendu bidegabea jasan dutela. Espazio hori ahanzturatik memoriarako urratsaren edo iluntasunetik argitarako urratsaren ikurra dela erantsi du lehendakariak.
Ane Beitia Elgoibarko alkateak eman dio hasiera kolunbarioaren inaugurazio ekitaldiari. Ohorezko aurreskua dantzatu eta gero, hasiera eman zaio gorpuzkien lur emateari. Pertsona horietako 25 identifikatu gabekoak dira. Euskadiko historia eta memoria elkarteetako kideek eta aurkitu zituzten udalerrietako ordezkariek eraman dituzte guztiak. Udalerri hauetan aurkitu zituzten gorpuak: Arrasaten, Andoainen, Azkoitian, Elgetan, Elgoibarren, Legution, Lemoan, Mañarian, Mutrikun, Gaubean, Zaldibian eta Zigoitian.
Ondoren, Paco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko zuzendariak azaldu du zein izan den gorpuak lurpetik ateratzeko prozesua. Ekitaldiari amaiera emateko, bertaratuek lore-eskaintza egin diete Duintasunaren eskulturaren oinean.