Itxi

Babesa aurreko gobernuari

Artur Masi babesa agertu dio Eusko Legebiltzarrak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

EH Bilduk eta EAJk egin dute babes agiriaren alde, Elkarrekin Podemosek zuri bozkatu du, eta PSE-EEk eta PPk, kontra.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Legebiltzarrak, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin, babesa agertu dio Artur Mas Kataluniako presidente ohiari eta Joana Ortega eta Irene Rigau kontseilari izandakoei. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak otsailaren 6an epaituko ditu hirurak 2014ko azaroaren 9ko prozesu parte hartzailea antolatzeagatik. Adostutako testuaren arabera, "herritarrei galdetzea ezin da delitu izan".

EH Bilduk agiria eraman du Ganberara, eta koalizioaren eta EAJren botoekin atera da aurrera. Elkarrekin Podemosek zuri bozkatu du, eta PPk eta PSE-EEk, kontra.

Testuan ageri denez, "gizartearen ordezkariek herriari galdetzeko duten konpromiso eta betebeharra ezin da auzitegietara eraman", eta, horregatik, Masi, Ortegari eta Rigauri babesa agertu die Legebiltzarrak. "Herritarrei galdetzea ezin da delitu izan", erantsi du.

Horrez gain, Espainiako Gobernuari zuzenduta, Erresuma Batuko Gobernuak Eskozian abiatutako bidea hartzeko eskatu dio, "Kataluniak, Euskal Herriak edota hala nahi duen edozein herrik bere etorkizuna libreki erabakitzeko aukera izan dezan, herritarren borondateari men eginda".

Taldeen adierazpenak

Eztabaidan, Pello Urizarrek (EH Bildu) hartu du lehendabizi hitza. Bertan, nabarmendu duenez, Katalunian gertatzen denak "zuzenean eragingo dio Euskal Herriari", eta "demokrazia inposizio" bihurtzea egotzi dio Espainiako Gobernuari.

"Espainiako Estatua ezin da inposizio bidez mantendu. Aldeek borondatea edukita bakarrik lor daiteke elkarbizitza ona, eta hori egin ezean, gatazka politikoa bere horretan egongo da Euskal Herrian eta Katalunian", ohartarazi du.

Joseba Egibar EAJk Legebiltzarrean duen bozeramaileak ere eskaera egin dio Espainiako Gobernuari: "Zabal dezala elkarrizketaren eta akordioaren bidea, eta eman diezaiola hitza herriari". Egibarren iritzian, "nazio ezberdinen arteko elkarbizitza politikoa nahi bada, ateak ireki behar dira, ez itxi".

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailea Mas eta kontseilariak auzipetzearen kontra azaldu da. Horren hitzetan, "ezein kargu publiko ezin da auzipetu, zigortu edo judizialki jazarri, herriaren borondatea modu demokratikoan gauzatzeko ekimen politikoak egiteagatik". Martinezek gogor kritikatu du PPren gobernuaren jarduna, eta "txarra, ez eraginkorra, frontista eta suntsitzailea" dela azpimarratu du.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak "politika auzitegietatik ateratzeko" beharra nabarmendu du; izan ere, "katalanek duten arazoa ez da konponduko kargudun publikoak auzipetuta eta dena delako ebazpena hartuta", horren esanetan.

Borja Semper PPk Ganberan duen eledunaren aburuz, "desadostasun politikoa eta bizikidetzaren haustura bereziki sufritu dugu Euskadin", eta Katalunian egoera gaiztotu bada, Kataluniako buruzagi politikoek eta "bereziki" Artur Masek hartutako erabaki "txarrengatik" izan da.

Albisteak (4)

Bideoak (1)