Itxi

Epaiketa A9ko galdeketagatik

Mas: 'A9ko ekimen politikoa nirea izan zen'

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

"Prozesu parte hartzailearen erantzukizun guztia" bere gain hartu du Generalitateko presidente ohiak, eta antolaketan boluntarioen lana "gakoa" izan zela azpimarratu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kataluniako historian lehen aldiz, Generalitateko presidente ohi bat akusatuen aulkian jesarri da gaur 2014ko azaroaren 9ko prozesu parte hartzailea antolatzeagatik abiatutako epaiketan. Artur Mas 50 bat minutuz aritu da Xavier Melero bere abokatuaren galderei erantzunez, eta A9ko "ekimen politikoa" berea izan zela azpimarratu du.

Epaiketa ia ordubeteko atzerapenarekin hasi dute ?09:00etan zen abiatzekoa?.  Milaka lagunen (16.000 bat), Carles Puigdemont presidentearen eta Kataluniako Gobernuko kideen babespean heldu dira Kataluniako Auzitegi Nagusira hiru akusatuak (Mas presidentea ohia eta Irene Rigau eta Joana Ortega kontseilari ohiak). Desobedientzia eta prebarikazioa egozten diete hirurei, eta 9-12 urte kargu publikoan aritzeko debekua eskatuko dute.

CiUko buruzagi ohiak Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren galderei erantzungo ez ziela iragarrita hartu du hitza. Defentsako abokatuaren itaunei erantzunda, Kataluniako presidente ohiak bere egin du A9ko prozesuaren "ekimen politikoa". Masen hitzetan, galdeketa hura "ez zen nire apeta bat izan, ezta ateraldi bat ere, Parlamentuaren agindua betetzeko egin genuen". Masek nabarmendu duenez, prozesu hark "sustrai sendo, argi eta demokratikoak" zituen.

"Argi utzi nahi dut jarraibideak Presidentetzak eta nik neuk ematen nituela. Gobernuko kideek horiek bete baino ez zuten egin, eta horrek Joana Ortegari, Irene Rigauri eta Francesc Homsi eragiten die", azpimarratu du.

Mas, Rigauren eta Ortegaren artean, epaiketa hasi baino minutu batzuk lehenago. EFE

"Inork ez gintuen ohartarazi"

Kontseilariak errugabetzeaz gain, beste argudio bati heldu dio Masek: "Galdeketa antolatzea delitu bazen, zergatik ez zuen Auzitegi Konstituzionalak eragozteko ezer egin?, galdetu du. Izan ere, azaldu duenez, Auzitegiak ez zien inolako ohartarazpenik egin, eta Generalitateak eskatutako argibideei ere ez zien erantzun. "Inork ez zigun ezer eskatu, ez gintuen ohartarazi, jakinarazpen bat baino ez ziguten bidali", adierazi du.

Une horretan, Jesus Maria Barrientos epaimahaiburuak kargu hartu dio Masi, eta galderarik ez egiteko eskatu dio.

Masen hitzetan, Auzitegi Konstituzionalak Gobernuak antolatutako galdeketa debekatu zuenean, "formatua" aldatu zuten, "Gobernuak ez zuelako prozesu parte hartzailea garatzeko ahalmenik".

Kataluniako presidente ohiaren esanetan, "galdeketa serio bat nahi genuen, nazioartean ulertuko zutena". Hala, herritarrei eskatu zieten laguntza, eta horretan 42.000 boluntarioek egindako lana goraipatu eta eskertu du. Horren ustez, "boluntario horien parte hartzerik gabe" A9a ezingo zatekeen aurrera atera. "Antolaketan funtsezko izan ziren", erantsi du.

Masek zehaztu duenez, Kataluniako Gobernuaren asmoa ez zen "galdeketa lotesle bat egitea, baizik eta jendearen iritzia ezagutzea". Katalanei euren etorkizuna erabakitzeko aukera ematea Rajoyrekin negoziatzen saiatu zirela adierazi du Masek, baina "alferrik" izan zela. Horren ostean erabaki zuten, Masen hitzetan, galdeketa egitea.

A9ko galdeketaren bezperan eta aurreko egunetan, Espainiako Gobernuak hartutako jarrera ere hartu du ahotan Kataluniako presidente ohiak. Horren hitzetan, galdeketa "barregarri utzi eta gutxietsi" zuen Espainiako Gobernuak, eta "bigarren mailako eta garrantzi bako kontu bat bezala jo".

Mas, hizketan ari zela, prentsa aretoko telebista batetik ikusia. EFE

Ortega: 'Boluntarioak izan ziren prozesuaren arima"

Artur Masen ondotik, Joana Ortega Kataluniako presidenteorde ohiak hartu du hitza, eta honek ere Masen argudio berei eutsi die.

Hala, Ortegak nabarmendu duenez, "40.000 boluntarioak izan ziren prozesu parte hartzailearen arima, eurek egin zuten posible".

Kataluniako presidenteorde ohiaren hitzetan, "herriari, jendeari entzutea ezin da delitu izan, are gutxiago ekintza kriminal bat".

2014ko azaroaren 9ko bezperan edota aurreko egunetan Auzitegi Konstituzionalaren ohartarazpen zuzenik ez zuela jaso berretsi du Ortegak. Horren esanetan, Kataluniako Gobernuak ez zekien Auzitegiaren ebazpenaren "irismena eta eragina" zeintzuk ziren.

Hiru akusatuak, deklaratu ostean. EFE

Rigau: "Boluntarioekin egindako prozesu bat ez da bortxaz egiten"

Irene Rigau izan da deklaratzen azkena. Kataluniako Hezkuntza kontseilari ohiak ukatu du institutuetako zuzendariei ikastetxeak zabaltzeko presio egin izana.

Jordi Pina defentsako abokatuak egindako itaunei erantzunez, inor derrigortu ez zutela azpimarratu du: "Kontraesana izango litzateke, boluntarioekin egindako prozesu bat ez delako mehatxuen bitartez eta bortxaz egiten".

Aitortu duenez, zenbait bilera informatibo egin zituzten Bartzelonako hainbat zuzendarirekin, baina arazo bakarra izan zuten: L'Hospitalet de Llobregateko Pedraforca institutuko zuzendariarekin. Rigauren esanetan, zuzendariak ez zien A9an ikastetxea zabaltzeko baimenik eman, eta "eskakizun bereziak" egin zituen. Azkenean, ez zuten toki hori erabili, eta beste batean jarri zituzten hautetsontziak.

 

 

 

 

Albisteak (3)

Bideoak (2)