VISTALEGRE II
Iglesias jaun eta jabe Podemosen, Errejoni erraz irabazita
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iglesiasen zerrendatik 32 kide aukeratu dituzte Herritar Kontseilurako, Errejonenetik 23 eta antikapitalisten zerrendatik 2. Dokumentuen bozketan ere, Iglesiasen proposamenak irabazi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Podemoseko oinarriek Pablo Iglesias aukeratu dute alderdiko idazkari nagusi izaten jarraitzeko. Asteburuan biltzarra egin du alderdi moreak, Madrilgo Vistalegre Jauregian, Herritar Kontseilua aukeratzeko. Botoen %89,03 lortu ditu Iglesiasek, idazkaritza nagusirako lehiakide izan duen hautagai bakarraren aurrean (Juan Moreno Yagüe andaluziarra), datu ofizialen arabera.
Iglesias txaloka hartu dute Vistalegre Jauregira iritsi denean, "ahal dugu" eta "batasuna" ohiukatuz. Bere zerrendako zenbait kiderekin sartu da, baita orain arte Politika idazkaria izan den Iñigo Errejonekin ere.
Pablo Iglesiasek alderdiaren oinarrien agindua onartu du: "Batasuna, batasuna", esan du, militanteei hitz hori gogoratu izana eskertu ostean.
Halaber, biltzarrak agindu bat eman diela adierazi du, eta bete egingo dutela berretsi. "Batasuna eta umiltasuna, jendeak eta herriak subiranotasuna errekupera dezaten", nabarmendu du. "Erabakitzeko eskubidearen defentsa, eta Europatik datorren faxismoaren aurrean, giza eskubideak aldarrikatzeko beharra" ere aipatu ditu.
Errejonek "ardura" eskatu dio Iglesiasi "integrazioan oinarritutako batasuna" eraiki dezan
Iñigo Errejon Podemoseko Politika idazkariak eta 'Recuperar la Ilusión' proposamenaren buruak adierazi duenez, Pablo Iglesiasek "arduraz" jokatzea espero du, eta "aniztasunaren eta integrazioaren" bidez batasunaren alde lan egitea.
"Integratzen garenean indartsuagoak garela" garbi uzten duen jakinduria gailenduko dela ziur nago, esan die Errejonek hedabideei egindako adierazpenetan, Biltzarreko emaitzak ezagutu ostean. Militanteek "batasuna" eta "aniztasuna" eskatu digute, "lehena bigarrenarekin eraiki behar baita", azpimarratu du. "Elkarrekin eta bateratuta aritzeko eskatu digute, eta Podemos anitza dela", gaineratu du.
Hiritartasun Kontseilu berria
Orotara, zerrenda horietako 62 kide aukeratu behar zituzten. Larunbatera arte egin zuten bozketa, eta gaur eman dituzte jakitera emaitzak: Iglesiasen zerrendako 37 kide aukeratu dituzte, Errejonen zerrendako 23 eta antikapitalisten bi. Erraz gailendu da, beraz, egungo idazkari nagusia.
Orain arteko Kontseiluan, Errejonen eta Iglesiasen aldekoak ia berdinduta zeuden. Gaurtik, aldea handitu egin da; % 59,68 izango da Iglesiasen aldekoa, eta % 37,1 Errejonen aldekoa.
Julio Rodriguez Jemad ohia (Iglesiasen zerrendakoa) eta Pepe Viyuela (Errejonen aldekoa) aktorea ere zuzendaritzan egongo dira.
Miguel Urban eurodiputatuak zuzentzen duten antikapitalisten korronteak orain arte ez zuen ordezkaririk Herritarren Kontseiluan. Orain, bi izango dituzte, % 3,23: Gimeno eta Miguel Urban.
Dokumentuen bozketan ere, Iglesias nagusi
Politika, antolakuntza, etika eta berdintasunari buruzko dokumentuen bozketan ere Iglesiasen proposamenak irabazi du; beraz, alderdiaren buruzagitzan jarraitzeko ezarritako helburu guztiak bete ditu.
Iglesiasen 'Podemos para Todas' zerrendak botoen % 50,8 lortu ditu, hau da, gaur hautatutako Herritar Kontseiluaren 62 kideetatik % 59,68. Errejonen 'Recuperar la Ilusión' zerrendak, aldiz, botoen % 33,68 erdietsi ditu, zuzendaritza-taldekideetatik % 37,10. Azkenik, botoen % 13,11 'Podemos en Movimiento' zerrenda antikapitalistarentzat izan dira, eta bi kontseilari izango ditu gidaritzan.
Hala, Kontseiluaren gehiengoa bereganatu du Iglesiasek. Horrez gain, erkidegoetako 17 idazkari nagusietatik 9 alde ditu, Errejonek 3 eta antikapitalistek 4.
Bestalde, idazkari nagusiaren zerrendako iturriek aipatu dutenez, gehiengo nagusia izateaz gain, Pablo Echeniquek Errejonek baino boto gehiago jaso dituenez, bigarren eta hirugarren geratu dira, hurrenez hurren.
Hautagaiei puntuak banatuta egin dute bozketa. Iglesiasen hautagaiek 138.106.877 puntu lortu dituzte; Errejonenek, ostera, 91.954.949.