Gaixotasun larria dauka
Ibon Iparragirre aske uztea eskatu du manifestazio batek Ondarroan
eitb.eus
Gaixotasun sendaezin bat dauka, eta Alcala Mecoko espetxean dago, non, salatu dutenez, hainbat jipoi jaso dituen.
Ibon Iparragirre preso ondarrutarraren egoera "larria" salatu du igande honetan Ondarroan egin den manifestazio batek.
Ehunka lagun bildu dira gaur goizean Iparragirreren kasua salatu eta bere askatasuna eskatzeko; izan ere, gaixotasun sendaezin bat pairatzen du, eta modu egokian artatua izateko beharrizana dauka.
Iparragirre Ondarroako ertzain-etxearen aurkako atentatuarengatik kondenatu zuten. Dena dela, 2011ko urrian, gaitz hori dela medio, Auzitegi Nazionalak behin-behinean eta epaiketa izan bitartean askatu egin zuen, gaixotasuna artatzeko xedearekin. Aitzitik, kondenaren ostean, auzitegiak berriz espetxeratzea erabaki zuen.
Gainera salatu dutenez, hainbat aldiz jipoitu dute kartzelan, bai beste preso batzuek, bai Alcala Mecoko espetxeko funtzionarioek beraiek.