Tortura Nafarroan
Kasu guztiak ikertzea eskatu diote torturaren biktimek Foru Gobernuari
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Memoriak orain arte bildutako datuen arabera, azken 50 urteotan gutxienez 600 nafar izan dira torturatuak.
Nafarroan izan diren tortura kasu guztiak ikertzeko beharrezkoak diren “neurri eraginkorrak” hartzeko eskatu diote torturatuak izan diren hainbat herritarrek Nafarroako Gobernuari.
Agerraldian 60ko hamarkadatik aurrera torturak jasan dituzten belaunaldi ezberdinetako pertsonek hartu dute parte eta Elias Antonek hartu du hitza.
“Bizikidetza normalizatzeko eta erabatekoa izateko, ezinbestekoa da torturaren bide ilunari argia jartzea”, esan du.
Garai politiko ezberdinetan Polizia ezberdinek “tortura beti erabili” dutela, baina inoiz ez dela aitortu gogor kritikatu du. “Tortura beti ezkutatu eta isilarazi egin dute Estatuko botereek eta horrek bi aldiz egiten gaitu biktima, torturatuak izan garelako eta jasandakoa aitortzen ez zaigulako”, gaineratu du.
Nafarroako Gobernuaren Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzak oraingoz ez duela urratsik eman salatu dute.
“Torturatuak izan garen pertsonentzako laguntza iragarri zuten eta poztu egin ginen horregatik, baina oraingoz inor ez da gurekin harremanetan jarri, gure testigantzak, egoera eta beharrizanak ezagutzeko”, deitoratu du.
Ildo horretan, Euskal Memoriak azken urteotan egindako ikerketa lana goraipatu du. Elkarte horren arabera, gutxienez 600 pertsona torturatu dituzte Nafarroan azken hamarkadetan, “eta milatik gora izan daitezkeela uste da”.
Elias Antonek Euskal Memoriarekin harremanetan jartzeko dei egin die torturak pairatu dituzten herritarrei, euren kasuak argitara ateraz.
“Ezinbestekoa da egia ezagutzea, aitortza eta erreparazioa, baita berriro gertatuko ez denaren bermea”, azpimarratu du.