KONGRESUA
Rajoy: 'Garoñarako segurtasun neurri handienak eskatuko ditugu'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aitor Esteban jeltzaleak Garoñako zentral nuklearrari buruz egindako galdera bati erantzun dio Rajoyk Kongresuan. Zentrala betiko ixteko eskatu dio Estebanek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak esan du bere exekutiboak "segurtasun nuklearrerako neurri handienak" eskatuko dituela, Garoñako zentrala berriro irekitzea erabakitzen bada. Horren hitzetan, "alde guztien iritziak entzungo ditu Gobernuak, aldekoenak eta kontrakoenak, zentral nuklearraren irekierari buruzko erabakia hartu aurretik".
Aitor Esteban jeltzaleak egindako galdera bati erantzunez egin ditu adierazpenok gaur Rajoyk, Kongresuan, Gobernua kontrolatzeko kontrol saioan. Garoñako zentrala "zaharkituta" dagoela eta "arriskutsua" dela esan du Estebanek, eta behin betiko ixteko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzearen aldeko ebazpena onartu eta astebetera eraman du gaia EAJko diputatuak Kongresura.
Rajoyk gogoratu du CSNren txostenak hainbat baldintza jasotzen dituela, zentrala martxan jartzeko: hainbat inbertsio egitea eta segurtasun-neurri gehiago ezartzea, besteak beste.
Halaber, Espainiako presidenteak esan du Garoñaren kontrako iritziak badaudela, baina aldekoak ere badirela esan du; Gaztela eta Leongo Juntarena, kasurako. "Zentzuzkoena", ezer erabaki aurretik, dokumentazio eta argudio guztiak ondo aztertzea dela gaineratu du.
'Ustekabekoa'
Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren txostena "ustekabekoa" izan zela esan du Estebanek, erakunde horrek "aurretik Garoñari buruz esandakoak kontuan hartuta".
Besteak beste, buruzagi jeltzaleaen iritzian, deigarria da zentralaren jarduera hamar urte baino gehiago luzatu nahi izatea, kontseilu horrek berak ezarritako arau bat urratu arren.
CSNren azken erabaki honen atzean "zer dagoen" argitzeko eskatu du Estebanek.