Gizarte Segurantza
Jaurlaritzak baztertu egin du pentsio sistema propioa eratzea
Agentziak | Erredakzioa
Egungo sistema hobetzearen alde egin du eta Madrilgo Gobernuari Gizarte Segurantzaren ekonomia- eta finantza-erregimena transferitzea eskatzen jarraituko duela azpimarratu du.
Maria Jesus San Jose Enplegu eta Justizia sailburuak ostiral honetan defendatu duenez, pentsioen gaineko eztabaida ez datza sistema propio bat bultzatzean, baizik eta dagoeneko badagoena hobetzean. Xede horrekin, Madrilgo Gobernuari Gizarte Segurantzaren ekonomia- eta finantza-erregimena transferitzea eskatzen jarraituko dutela aurreratu du.
Eusko Legebiltzarrean egiten ari diren Eusko Jaurlaritzaren kontrol-saioan egin ditu adierazpen horiek San Josek, Eva Blanco EH Bilduko legebiltzarkideak pentsio-sistemaren bideragarritasunari buruz egin duen galdera bati erantzunez.
Enplegu sailburuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak pentsioen sistema "publikoa" jarraituko du defendatzen, "belaunaldien eta lurraldeen artekoa izango dena", eta prest agertu da egungo sistemaren egoeraren gainean eztabaidatzeko: "Gertu gaude sistema sendotu eta iraunkor bihurtuko duten konponbideak ekartzera", azpimarratu du.
"Gure lehentasuna euskal herritarrek pentsio duinak jaso ditzatela da, bizitzeko beharrizanei aurre egiteko gai izan daitezen2, baieztatu du.
Horrenbestez, bere aburuz, eztabaidaren gakoa ez da pentsioen sistema propio bat bultzatzea, baizik eta dagoeneko existitzen dena hobetzea. Hori dela eta, Gizarte Segurantzaren ekonomia- eta finantza-erregimena transferitzea eskatuko dutela erantsi du: "Iraunkortasuna eta elkarkidetasuna bermatuko dituen sistema bat bilatzea defendatzen dugu".
Bere aldetik, Eva Blancok (EH Bildu) "zehaztasun" gehiago eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, bere alderdiak pentsioen sistema propioa bultzatzeko eskaerari buruz sailburuak emandako erantzunaz. Blancoren iritziz, 2garaia da Estatu espainiarreko eredua behin betiko amaitutzat emateko, ez baitu pertsonen duintasuna bermatzen, agortuta baitago, miseriazko pentsioak ematen ditu". Kontrara, bere hitzetan, euskal sistema baten alde egin beharko litzateke 2bizitza duin bat emango diguna". 2Behiak ez du esne gehiago ematen", gaineratu du.