Itxi

URTEKO TXOSTENA

Tortura salaketak 'behar bezala' ez ikertzea egotzi dio AIk Espainiari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Adierazpen askatasuna modu baketsuan erabiltzen duten pertsonen aurka egiteko, terrorismoa goratzearen akusazioa modu ez egokian erabiltzea ere leporatu dio nazioarteko erakundeak Espainiari.

Besteak beste, Xabier Beortegiren kasua aipatzen da txostenean.

Espainiako segurtasun indarren aurka, 2016an, jarritako hainbat tortura eta tratu txar kasu ez dira behar adinako eraginkortasunarekin eta sakontasunarekin ikertu. Hala ondorioztatu du Amnesty International (AI) nazioarteko erakundeak bere azken txostenean.

Besteak beste, Xabier Beortegiren kasua aipatzen du AIk. Beortegi iruindarrak salatutako ustezko torturak ez ikertzeagatik Espainia zigortu egin zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, iazko maiatzean. Antzeko beste kasu batzuekin gertatu den bezala, Auzitegiak aho batez hartu zuen erabakia. Epaileen ustez, Giza Eskubideen Europako Ituna urratu zuen Espainiak, ustezko tortura kasu hau ez ikertzea erabakita.

Guardia Zibilak atxilotu zuen Beortegi, 2011ko urtarrilean, Ekinekin lotura zuelakoan. Inkomunikatuta egon zen egunetan torturatu egin zutela salatu zuen.

Adierazpen askatasuna modu baketsuan erabiltzen duten pertsonen aurka egiteko, terrorismoa goratzearen akusazioa modu ez egokian erabiltzea ere leporatu dio nazioarteko erakundeak Espainiari. Horren adibide, Madrilen atxilotutako titiriteroen kasua jasotzen da txostenean. Ikuskizun batean 'Gora Alka-ETA' zihoen pankarta bat erakusteagatik, bi titiritero atxilotu zituzten, terrorismoa goratzea leporatuta. Bost egun igaro zituzten espetxean.

Errefuxiatuak

Errefuxiatuen aferan Espainiak duen jarrera ere deitoratu du AIk; horren arabera, errefuxiatuak hartzeko Espainiako Gobernuaren sistema "ez da egokia", Europak gai honen inguruan onartutako zuzentaraua ez duelako betetzen eta Espainian Asilo Lege europarra, oraindik, ez delako ezarri.

Nazioarteko erakundeak gogora ekarri ditu Espainiak errefuxiatuak hartzeko hartutako konpromisoak; Ekialde Erditik eta Afrika iparraldetik 1.449 errefuxiatu hartuko zituela hitz eman zuen arren, iazko abenduko datuen arabera, 289 errefuxiatu bakarrik hartu zituen Espainiako Gobernuak.

Albisteak (2)