Itxi

EITB FOCUS

Gizartea, Eusko Jaurlaritzaren lehen 100 egunetako lanarekin pozik

EITB.EUS

Leer en Castellano

EiTB Focus inkestaren arabera, inkestan parte hartu duten herritarren % 71,3ren iritzian, Jaurlaritzak kudeaketa 'ona' egin du, eta % 64,7ren ustez, EAJren eta PSEren arteko ituna 'positiboa' izan da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal gizartea pozik dago Eusko Jaurlaritzak lehen 100 egunetan egindako lanarekin, Euskal Irrati Telebistak herritarrek politika eta gizarte gaiei buruz duten iritzia jakiteko egiten duen EiTB Focus inkestaren emaitzek islatu dutenez.

Gizaker enpresak EiTBrentzat egindako ikerketa soziologikoaren arabera, herritarren % 71,3ren iritzian, Jaurlaritzak kudeaketa "ona" egin du.

Inkestatuen % 64,7k 5 eta 10 bitarteko nota jarri diote EAJren eta PSE-EEren arteko itunari.

Herritarren % 63ren ustez, EAJren eta PSE-EEren arteko itunak legegintzaldi osoa iraungo du.

Euskal Autonomia Erkidegoko herritar gehienek lan gehiago eskatu diote lehendakariari.

Lau herritarretik hiruk (% 74) Euskadiko giro politikoa Espainiakoa baino hobea dela iritzi diote.

Euskal buruzagi politiko guztiek aurreko EiTB Focus inkestan baino emaitza hobeak lortu dituzte. Aurreko inkesta 2016ko irailean argitaratu zen, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen aurretik. Oraingoan ondoen baloratutako euskal politikariak Iñigo Urkullu eta Maddalen Iriarte izan dira.

Fitxa teknikoa

2017ko martxoko EiTB Focus inkestan Eusko Jaurlaritzako lehen 100 egunei eta boto asmoari buruz eta balorazio politikoaz eta Kontzertu Ekonomikoaz galdetu zaie herritarrei. Kontzertu Ekonomikoari buruzko emaitzak datorren astelehenean argitaratuko dira.

EiTBrentzat egindako ikerketarako Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 1.200 lagun galdekatu ditu Gizaker inkesta-etxeak (400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan). Lagin osoaren akats tartea 2,83koa da eta konfiantza maila, ostera, % 95ekoa.

Lagina zoriz hautatu dute, eta lurralde historikoa, udalerria eta generoa kontuan hartuta sortu dute. Inkesten % 22,3 euskaraz egin dituzte eta beste % 77,7ak gaztelaniaz. Emaitzak herrien tamainaren arabera haztatu dituzte.

Inkestak otsailaren 22tik 24ra egin zituzten. Elkarrizketek, batez beste, 8 minutu eta erdi iraun zuten. Luzeena 22 minutukoa izan zen, eta laburrena, berriz, 6 minutukoa.

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)