INKESTA
EiTB Focus: EAJk irabaziko lituzke berriro hauteskundeak
EITB.EUS
EAJk iraileko emaitzak hobetuko lituzke, EH Bilduk eutsi egingo lioke eta PSE-EE hirugarren indarra izatera igaroko litzateke. Elkarrekin Podemo
Your browser doesn’t support HTML5 video
¿Euzko Alderdi Jeltzaleak irabaziko lituzke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak orain berriro egingo balira, Euskal Irrati Telebistak herritarrek politika eta gizarte gaiei buruz duten iritzia jakiteko egiten duen EiTB Focus inkestaren emaitzek islatu dutenez.
Gizaker enpresak EiTBrentzat egindako ikerketa soziologikoaren arabera (1.200 elkarrizketa), EAJk eserleku bat irabaziko luke 2016ko iraileko emaitzekin alderatuta, eta EH Bilduk lortutako eserleku kopuruari (18) eutsiko lioke. PSE-EEk bi legebiltzarkide gehiago izango lituzke eta hirugarren indarra izango litzateke. Elkarrekin Podemos Eusko Legebiltzarreko laugarren indarra izatera pasatuko litzateke, bi eserleku galduta. Azkenik, PPk eserleku bat galduko luke.
Araban, EAJk eserleku bat gehiago eskuratuko luke, 8tik 9ra igarota, eta boto portzentajeari dagokionez, % 2 egingo luke gora. EH Bilduk bigarren indarra izaten jarraituko luke, 5 ordezkariei eutsita. PPk aulki bat galduko luke eta PSE-EEk, ostera, bat irabazi, baina popularrak sozialisten aurretik geratuko lirateke. Elkarrekin Podemos bosgarrena izango litzateke eta ordezkari bat galduko luke.
Bizkaian, garaipen argia lortuko luke berriro ere Euzko Alderdi Jeltzaleak eta egun duen ordezkari kopuruari eutsiko lioke. EH Bilduk ere, bigarren postuari eutsiko lioke eta 5 ordezkari izaten jarraituko luke. PSE-EE 3 eserleku izatetik 4 izatera igaroko litzateke; Elkarrekin Podemos, 4tik 3ra jaitsiko litzateke; eta PPk bosgarren postua lortuko luke berriro, bi ordezkari lortuta.
Iraileko emaitzekin alderatuta, aldaketa gutxien Gipuzkoan izango lirateke, EiTB Focus inkestaren arabera. Are gehiago, eserlekuen banaketa berdina litzateke, nahiz eta boto portzentajea pixka bat aldatu: EAJk eta PSE-EEk gora, EH Bilduk eta PPk eutsi eta Elkarrekin Podemosek behera.
Fitxa teknikoa
2017ko martxoko EiTB Focus inkestan Eusko Jaurlaritzako lehen 100 egunei eta boto asmoari buruz eta balorazio politikoaz eta Kontzertu Ekonomikoaz galdetu zaie herritarrei. Kontzertu Ekonomikoari buruzko emaitzak datorren astelehenean argitaratuko dira.
EiTBrentzat egindako ikerketarako, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 1.200 lagun galdekatu ditu Gizaker inkesta-etxeak (400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan). Lagin osoaren akats tartea 2,83koa da eta konfiantza maila, ostera, % 95ekoa.
Lagina zoriz hautatu dute, eta lurralde historikoa, udalerria eta generoa kontuan hartuta sortu dute. Inkesten % 22,3 euskaraz egin dituzte eta beste % 77,7ak gaztelaniaz. Emaitzak herrien tamainaren arabera haztatu dituzte.
Inkestak otsailaren 22tik 24ra egin zituzten. Elkarrizketek, batez beste, 8 minutu eta erdi iraun zuten. Luzeena 22 minutukoa izan zen, eta laburrena, berriz, 6 minutukoa.