Bakea Euskadin
Apirilaren 8rako 'erabat' armagabetuko da ETA
eitb.eus
Txetx Etcheverry ekintzaile ekologistak iragarri du gizarte zibilak 'desarmearen eguna' antolatuko duela, eta horren ostean, ETA arma barik egongo dela.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Apirilaren 8an "erabat" armagabetuta egongo da ETA, Le Monde egunkari frantsesak jakinarazi duenez. Hedabide horren arabera, Iparraldeko gizarte eragileen esku egongo da prozesua.
Un collectif de la société civile veut remettre aux autorités, le 8 avril, l'arsenal militaire d'ETA caché en France https://t.co/IcaMAJeHoD
? Le Monde (@lemondefr) 17 de marzo de 2017
Armagabetze prozesua geldituta dago, eta hori "azkartzeko" asmoarekin emango du pausoa ETAk, egunkari horren esanetan. Txetx Etcheverry Luhusoko operazioan atxilotutako ekintzaileetako batek baieztatu dio berria Le Monde-ri.
2015eko abenduaren 17an, bere armategiaren zati bat entregatzeko saiakera egin zuen ETAk, baina operazioa egin zuten Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak, eta laguntzeko prest agertu ziren bost lagunak atxilotu zituen, Etcheverry tartean. Luhuson arma ugari topatu zituen Poliziak: 30 pistola, bederatzi fusil, lau errebolber eta lehergailuak egiteko material ugari.
Bizi! mugimenduko kidearen arabera, erakunde armatuaren % 15 baino ez da Luhuson atzemandakoa. Falta dena apirilaren 8rako emanda egongo dela nabarmendu du orain Etcheverryk, eta prozesua Iparraldeko gizarte eragileen esku egongo dela argitu.
Etcheverryren esanetan, gizarte zibileko ehunka kiden eta eskualdeko hautetsi ugarik parte hartuko dute armagabetzean. "ETAk armagabetzeko erantzukizuna eman digu, eta apirilaren 8rako erabat desarmatuta egongo da", azaldu du.