ETA-ren armagabetzea
Armagabetzea bultzatzen 'segitzeko' konpromisoa hartu du Jaurlaritzak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gainera, heldutasuna eta komunikazio bide zuzenak eskatu dizkie lehendakariak erakunde guztiei eta, bereziki, Espainiako eta Frantziako Gobernuei.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariak sinesgarritasuna ematen dio apirilaren 8rako ETA erabat armagabetuta egoteko aukerari, eta "bere helmugara iritsi dadin" Eusko Jaurlaritzak bere esku dagoen guztia egingo duela ziurtatu du. Gainera, "heldutasuna" eskatu die dagokien instituzio eta erakundeei, bereziki, Espainiako eta Frantziako Gobernuei.
Urkulluk hedabideen aurrean agerraldia egin du Donostian, ETAren armagabetzearen iragarpenaren balorazioa egiteko.
Lehendakariak azaldu duenez, aukera honen inguruko "informazio zuzena" eduki du Eusko Jaurlaritzak eta une bakoitzean zegokionari ETAren behin betiko armagabetze aldebakarra, atzeraezina, osoa eta legezkoa, gauzatze aldera eman beharko liratekeen urratsei buruzko bere balorazioa adierazi die.
Ildo horretan, azpimarratu du Jaurlaritzak behin eta berriz adierazi duela diskrezioa babestea dela horrelako prozesuen seriotasun-bermerik onena.
"Eusko Jaurlaritzak sinesgarritasuna ematen dio amaierako armagabetzea epe motzean egiteko aukerari eta orain arte hori bultzatzen laguntzen ibili da, bere posibilitateen barruan", azpimarratu du.
Jaurlaritzaren iritziz, ETAren amaierako armagabetzearen aukera hori aztertzeko baldintzak daude. Ildo horretan, armagabetze prozesuaren eboluzioa adi jarraituko duela adierazi du. "Eusko Jaurlaritzak bere esku dagoen guztia egingo du bere helmugara iritsi dadin, guztia bere esku ez dagoen arren", gaineratu du.
Bestalde, lehendakariak "heldutasuna eta komunikazio bide zuzenak" eskatu dizkie erakunde guztiei eta, bereziki, Espainiako eta Frantziako Gobernuei, "gizartearentzat balio historikoa daukan helburua lortze aldera".