Itxi

Armagabetzea

Berhokohirigoin: 'Armagabetzea publikoa eta gardena izango da'

eitb.eus

'Bakearen artisauaren' iritziz, Luhusoko operazioak egoera berri bat ekarri zuen eta urrats hori egiteko beharra ikusi zuten.  

Your browser doesn’t support HTML5 video

Apirilaren 8rako iragarritako ETAren armagabetzea erabatekoa izango dela baieztatu du Mixel Berhokohirigoin 'bakearen artisauak' eta Luhusoko operazioan atxilotuetako batek, eta prozesua, gardena eta publikoa izateaz gain, nazioarteko eragileek egiaztatuko dutela iragarri du.

Zentzu horretan, armagabetzean partu duten eragileekin hitz egingo dutela esan du, baita Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin ere, apirilaren 8ko prozesua nola burutuko duten zehazteko. Egun horretatik aurrera, "ETA ez da talde armatua izango, eta ez du bakea lortzeko bidea oztopatuko".

Halaber, gaur goizean Biarritzen egindako Bake Bidearen foroan nabarmendu duenez, "Luhusoko operazioak erakutsi zuen gizarte zibilak ere parte hartu nahi duela prozesuan". Orobat, "armagabetzea prozesuaren gakoa dela" berretsi du, "armagabetzea ez dela garaile eta garaituen formularen" bidez garatu behar adierazteaz gain.

Trukean ezer jaso gabe

Gainera, ETAren armagabetzeak "erabatekoa eta egiaztatua" izan behar duela azaldu du, "trukean ezer jaso gabe". Hori dela eta, "armagabetzean aurrera egiteko, ezin da zain egon presoen edo biktimen baldintzak errespetatu arte", baieztatu du. "Gaur egun, baldintzak ipini beharrean, baldintza teknikoak eraikitzeko garaia da", esan du Berhokohirigoinek.

Hortaz, prozesua egiaztatzen duten pertsonen garrantzia gogoratu du. Bestalde, "Irabazle-irabazle logika" bilatu behar dela berretsi du, "oinarrizkoa" baita erakundeek, hautatutako karguek eta gizarte zibilaren arteko "ikuspuntu anitz eta elkarbanatutik" abiatuta. Horietako eragileren bat kanpo geratuko balitz, prozesuak hiru hankaren gainean jarraitu eta "garraztu" egingo litzatekeela aipatu du.

Frantziako estatua

Estatu frantsesari dagokionez, "parte hartu dezakeela eta behar duela" aldarrikatu du Berhokohirigoinek, eta "nahi dutenean" hitz egiteko deia luzatu dio. "Baldintza teknikoak" baino ez dituzte negoziatu beharko, "segurtasuna bermatu eta egiaztatzeko".

Atxilotu ostean Frantziako Gobernuarekin hitz egin zutela aitortu duen arren, "ez zutenez erantzun positiborik lortu, B plana" abiatu zutela onartu du, eta "alde bakarreko" bideari ekiteko.

Jean Rene Etchegaray eta Michel Tubiana

Bestalde, Jean Rene Etchegaray Baionako alkatea eta Euskal Herriko Herri Elkargoaren presidentearen esanetan, "bakearen artisauek arrisku personala hartu dute", eta arrisku kolektiboa hartzeko garaia dela aldarrikatu du.

Michel Tubiana Giza Eskubideen Ohorezko lehendakariaren hitzaldiarekin amaitu da foroaren egitaraua. Ondorioztatu duenaren arabera, "ez zuen uste hain zaila izanen zenik negoziazio prozesu bat irekitzea demokratikoak deitzen diren estatuekin". Azkenik, "gizarte zibilak zer-nolako bakea nahi duen" esan dezakeela nabarmendu du Tubianak.

Albisteak (3)

Bideoak (3)