Itxi

Euskadiko PPren XV. Biltzarra

'PP da EH Bildu eta Podemosen erradikaltasunari aurre egiteko tresna'

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Euskadiko PPren presidente izaten jarraituko du Alfonso Alonsok, alderdiak Gasteizen egin duen XV. Biltzarrean bozen % 94,96 eskuratu eta gero.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidenteak karguan errepikatuko du berriro Gasteizen gaur egindako Euskadiko XV. Biltzarrean botoen % 94,96 eskuratu ostean.

Biltzarrean izena eman duten 777 afiliatuek bozketa egin baino lehenago, Alonsok agerraldia egin eta Euskadiko PP zuzentzeko bere hautagaitza aurkeztu du, baita bere taldea nortzuk osatuko duten ere.

Alonsok bere alderdikideei eskatu die PPren eremu politikoa berreskuratze aldera lan egin dezatela. Bere aburuz, PPk Euskadin irabaz dezake "neurritasunaren, askatasunaren eta zentraltasunaren printzipioetatik abiatuta", uste baitu Euskadin ez dela "beharrezkoa" nazionalista izatea.

"Baliagarriak eta aldaketarako palanka garela erakutsiko dugu", nahiz eta, berak esan duenez, Eusko Legebiltzarrean bederatzi legebiltzarkide eduki bakarrik.

"PP ez badago, nork egingo die aurre Bildu eta Podemosen aukera erradikal eta populistari?", galdetu dio bere buruari.

Bestalde, gogora ekarri duenez, politikan sartu zen garaian "ETAk fisikoki ezabatzen zuen"Espainiaren ideia defendatzen zuen oro.

"Euskadin isiltasuna apurtu behar zen eta politikan sartu ginen egia esateko, nahiz eta ETAk hil egiten gintuen", adierazi du; alabaina, ez dio inongo aipamenik egin atzo talde armatuaren armagabetzeari buruz ostiralean egin zen iragarpenari.

Talde berria

Egindako mintzaldian zehar bere talde berria nork osatuko duen aurkeztu du. Horrela, Nerea Llanosek idazkari nagusi izateari utziko dio eta alderdiko bozeramailea eta koordinatzaile nagusia izatera pasatuko da. Bere ordez Amaya Fernandez jarriko dute, orain arte Barakaldoko Udalean bozeramaile lanetan ibilitakoa.

Honako hauek izango dira idazkariorde nagusiak: Carmen Carron (Sektoriala), zinegotzia Bilboko Udalean; Leticia Comeron (Antolakuntza), bozeramailea Gasteizko Udalean; eta Ana Morales (Udal eta Foru Politika), bozeramailea Arabako Batzar Nagusietan.

Beste hauek osatuko dute Zuzendaritza Biltzarra: lurralde historiko bakoitzeko presidenteak direnak, hau da, Anton Damboreneak (Bizkaia), Iñaki Oyarzabalek (Araba) eta Borja Semperrek (Gipuzkoa); Javier De Andres Espainiako Gobernuko ordezkariak eta Jacobo Caparrosek.

"Armagabetze morala"

Bere aldetik, Javier Maroto PPren Gizarte Politiketarako idazkariordeak adierazi duenez, ETAri buruz aritzean PPk bakarrik mintzatu nahi du talde armatuaren eta bere inguruaren "armagabetze moralaz".

Kritikatu egin du ETAren armagabetzeaz batzuek "harrotzeko moduko" albiste bihurtu nahi dutela; PPk, aldiz, "existitzeari utzi diezaiola, armak eman ditzala, barkamena eska dezala eta biktimei eragindako mina onar dezala" eskatzen diola esan du.

Bideoak (1)