Itxi

ARMAGABETZEA

'Armagabetzeari buruzko xehetasun guztiak emango dizkiogu gizarteari'

EITB.EUS

Leer en Castellano

Agerraldi jendetsua eta anitza izango da, Ipar Euskal Herriko herriren batean. Datorren astean zehaztuko dute non eta nola egingo duten apirilaren 8ko ekitaldia, Txetx Etcheverryk esan duenez.

Your browser doesn’t support HTML5 video

ETA erakundearen armagabetzea gizartearekin partekatu nahi dute bakearen artisau izenez ezagunak egin diren eragileek. Gizarte zibilaren izenean, euren gain hartu dute armagabetzearen ardura, eta apirilaren 8rako bidea marrazten ari dira orain, hainbat erakunde politiko, sozial eta sindikalekin. Agerraldia non eta nola egingo den herritarrei aurrez jakinaraziko zaiela esan du Txetx Etcheverry bakearen artisauetako batek, Euskadi Irratian. Xehetasunak datozen egunotan emango dituzten arren, ekitaldi jendetsua eta anitza izango dela aurreratu du. Ipar Euskal Herriko herriren batean izango dela ere jakinarazi du, non zehaztu ez badu ere.

"Ipar Euskal Herrian izanen da, eta xehetasun guztiak aurretik emango ditugu. Konpromisoa dugu jendartearekin, eta dena nola eginen den aurretik jakinaraziko dugu", esan du.

Etcheverryren arabera, sentsibilitate denak bildu nahi dituzte ekitaldian, eta horretarako lanean ari dira. "Gizarte taldeekin, alderdi politikoekin eta sindikatuekin elkarlanean antolatuko dugu apirilaren 8ko agerraldia, eta bakoitzaren parte hartzea nolakoa izango den zehazten ari gara", esan du .

Frantziako Gobernuak armagabetze prozesuari buruz atzo esandakoaren harira,  Etcheverryk adierazi du jarrera hori ez dela berria, baina lanean jarraituko dutela ahalik eta erakunde gehien batzeko prozesura. "Guk lanean jarraituko dugu apirilaren 8koa prestatzen. Lasai eta umil egingo dugu gure lana", esan du.

Bestalde, argi utzi nahi izan du armagabetzea gizarte zibilaren esku utzi duela ETAk, eta, beraz,  bakearen artisauek ez dutela ETA ordezkatzen, "Espainiako hainbat hedabide" hori zabaltzen ari badira ere,  Etcheverryren esanetan.

Albisteak (3)

Bideoak (1)