ETA-ren armagabetzea
Legebiltzarrak armagabetzea babestuko du apirilaren 6an
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJk eta PSEk aurkeztutako ekimen bat eztabaidatu dute, eta EH Bilduk aurreratu du babesa emango diola.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, Espainiako eta Frantziako gobernuei "ETAren armagabetzea burutzeko laguntzeko" eskatzen dien ekimena aurkeztu dute Legebiltzarrean.
Proposamen horretan ere, Iñigo Urkulluren kabineteari ETAren armategia entregatzean "legaltasuna eta segurtasuna bermatzeko" laguntza lanak eskatzen zaizkio.
Segur aski, apirilaren 6an eztabaidatuko dute idatzia Eusko Legebiltzarrean.
Bi alderdiek armagabetzea lortzeko pertsona eta gizarte zibileko erakundeen "parte hartzea" baloratzeko eskatu diote Legebiltzarrari, eta baita Nazioarteko Egiaztapen Batzordeak "helburua lortzeko lan onak" egiten jarraitzea ere.
Gainera, Eusko Jaurlaritzako kideek Ganberak "aldebakarrekoa, osoa, behin betikoa eta egiaztatutako armagabetze ekimen bakarra ahal den azkarren egitea" ETAri eskatzeko azaldu dute.
Ekimenaren justifikazioan, EAJren eta PSE-EEren ustez, ETAren armagabetzea "indarkeriaren amaierako prozesu antolatu eta behin betiko baten barnean oinarrizko gertaera garrantzitsu bat da". "Iraganarekin zerikusia duen epealdi bat azkenik ixtera" lagunduko zuen", eta "bizikidetasunean oinarritutako epealdi berri batean aurrera egitea" erraztuko zuen, gaineratu dute.
Horregatik, horien ustez, instituzioek armagabetzea errazteko prozesua bermatzeko laguntza eskaini dezakete, beharrezko "egiatasuna, legalitatea eta itzulezintasuna" baldintzak ematen badira.
EH Bilduk babesa emango du
EAJren eta PSEren proposamena pozik hartu du EH Bilduk, eta aurreratu du babestu egingo duela, Jaurlaritzari hilabete hasieran iragarri zion neurriak bertan daudelako.
"Positiboa da EAJk eta PSEk gure ideiak partekatzea", esan du Julen Arzuaga legebiltzarkideak, testua hiru alderdien artean adostea hobea zitekeela gaineratu badu ere.