Eskumen-arazoa
Nafarroako Auzitegiaren ustez, Altsasuko auzia Iruñean epaitu behar da
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Gorenaren aurrean eskumen-arazoa plantea dezala eskatu dio epaileari.
Nafarroako Auzitegiaren aburuz, ez dago terrorismoko "arrazoizko zantzurik" Altsasun bi guardia zibili eta haien bikotekideei egindako erasoaren. Horrenbestez, epaileari eskatu dio eskumen-arazoa plantea dezala Auzitegi Gorenaren aurrean, kasuko izapideak Iruñean egin daitezen, Auzitegi Nazionalean egin beharrean.
Nafarroako Auzitegiko Lehenengo Sekzioaren esanetan, "ezin ondoriozta daiteke salatutako gertaeretan ustezko terrorismo delitu bat egon izanaren zantzuak daudenik". Hartara, onartu egin du auzian ikertuta dauden bederatzi gazteek jarritako errekurtsoa, eta, auzia Iruñeko hiriburuan bideratu behar dela iritzi dio.
Hori dela eta, auzia Auzitegi Nazionalera bidaltzeari uko egin diezaiola eskatu dio Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiari, eta, eskumen-arazo bat plantea dezala Auzitegi Gorenaren aurrean, hark erabaki dezan nori dagokion ikerketa aurrera eramatea.
Terrorismo delitu bat egin izanaren "arrazoizko zantzurik" ikusten ez duenez, Nafarroako Auzitegiak ondorioztatu du Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegia dela eskuduna "salatu diren egintzen izapideak egiteko".
Bere ustez, "printzipioz ustekabean" gertatu zen egintza baten aurrean dago, nahiz eta gertaeraren jatorrian dagoen ustezko erasotzaileek bazekitela erasoa jasan zutenak guardia zibilak zirela.
Alabaina, zehazten duenez, hortik eta egindako adierazpenetatik ezin daiteke ondorioztatu "instituzioak ezegonkortu, bake publikoa modu larrian asaldatu edo jendartean izu egoera sortu nahi zenik".