Baimena
Garcia Gaztelu espetxetik atera ahalko da, aitari bisita egiteko
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Kartzela Zaintzako epaileak "aparteko" baimena eman dio ETAko presoari.
Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak "aparteko" baimena eman dio Xabier Garcia Gaztelu Txapote ETAko presoari kartzelatik irteteko, "mugitzeko arazoak" dituen aitari bisita egin diezaion.
Huelvako kartzelan dago preso Garcia Gaztelu. Espetxeko Zuzendaritzak ez bezala, aita bisitatzeko "nahitaezko duen denboran" kartzelatik ateratzeko baimena eman dio epaileak. Bisita polizien zaintzapean eta badaezpadako neurri guztiak indarrean direla egin beharko du.
Urtarrilaren 3an, beste baimen eskaera bat ukatu zion epaile berberak, baina oraingoan presoaren defentsak aurkeztutako helegitea hartu du aintzat. Auzi Medikuntzako txosten bat oinari hartuta erabaki du epaileak. Horren arabera, aitak "mugitzeko zailtasunak ditu, adina dela eta".
2001ean atxilotu zuten Garcia Gaztelu. Besteak beste, Miguel Angel Blanco, Fernando Buesa, Fernando Mujica, Gregorio Ordoñez eta Jose Luis Lopez de Lacalle hiltzeagatik zigortu dute.