Itxi

ETAren armagabetzea

Hollandek konfiantzako 3 kargudun hautatu ditu armagabetzea kudeatzeko

eitb.eus

Leer en Castellano

Vocento taldeko hedabideen arabera, Manuel Vallsek lehen ministro gisa dimisioa eman izanak bidea erraztu du Frantziako Gobernuak ‘bakearen artisauek’ abiatutako prozesua oztopa ez dezan.

François Hollande. Artxiboko argazkia. EITB

Bernard Cazeneuve Frantziako Gobernuko burua, Eric Morvan Paueko prefeta, eta Frederique Espagnac Pirinio Atlantikoetako senataria izendatu ditu François Hollande Frantziako presidenteak ETAren armagabetzea kudeatzeko, Vocento taldeko komunikabideek argitaratu dutenez.

Manuel Vallsek lehen ministro gisa dimisioa eman izanak bidea erraztu du 'bakearen artisauek' apirilaren 8rako Baionan (Lapurdi) deitutako armagabetzea Frantziako Gobernuak oztopa ez dezan. Izan ere, Valls bide polizialaren alde agertu zen, eta itunen aurka.

Vocento taldearen esanetan, 'bakearen artisauek' abiatutako ekimenak herritarren, gizartearen eta erakundeen babesa lortu du, eta horrek mugiarazi du Parisen ezarrita zeukaten blokeoa.

Hollanden erabakia Frantziako presidentea aukeratzeko hauteskunde-kanpaina hastear dela jakinarazi dute. Halaber, Foro Sozial Iraunkorrak larunbatean Donostian egindako bileraren ostean etorri da. Plataformaren ordezkarien iritziz, eboluzio positiboa izan da Espainiako eta Frantziako gobernuen jarreran eta hala jarrai dezatela espero dute, gutxienez apirilaren 8ra arte.

Albisteak (4)