ETA-ren armagabetzea
'Bakearen artisauek' apirilaren 8rako prestatutako egitaraua
EITB.EUS
Ekitaldi nagusia 15:00etan hasiko da Roland Barthes zelaigunean. Armagabetze eta Bake prozesurako elkarretaratze handia deitu dute.
'Bakearen artisauak' deiturikoek apirilaren 8rako egitaraua aurkeztu dute. Lehen ekitaldia Bakea orain, Herriaren aldarria dokumentalaren proiekzioa izango da eta 10:30ean hasiko da Baionako Atalante zinema aretoan. Dena den, eguneko ekitaldi nagusia armagabetzearen eta bake prozesuaren alde Roland Barthes zelaigunean egingo den elkarretaratze handia izango da.
Egitaraua
10:30 Bakea orain, Herriaren aldarria dokumentalaren estreinaldia Atalante zinema aretoan, Bake Bideak antolatuta.
Proiekzioaren ondoren, filmaren inguruko eztabaida egingo dute parte hartzaileekin: Louis Joinet; epaile ohia eta NBEko Giza Eskubideen Batzordeko kidea; Jean-Pierre Massias, Zuzenbide irakaslea eta Europako Kontseiluko aholkularia, eta Thomas Lacoste filmaren egilea.
12:00 Eztabaida Roland Barthes zelaigunean, Bake Bideak antolatuta. Parte hartzaileak: Joseba Azkarraga, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburu ohia eta Sareko bozeramailea; Aitzpea Leizaola, antropologoa, foro sozial iraunkorreko kidea, eta Philippe Texier, epaile ohia eta NBErako aditua.
14:30 Bakea orain, Herriaren aldarria dokumentalaren proiekzioa (euskarazko azpidatziekin) Roland Barthes zelaigunean.
15:00 Armagabetzearen eta bake prozesuaren aldeko elkarretaratze handia Roland Barthes zelaigunean.
Laguntza eskaera
Antolaketa lanetan laguntzeko deialdia egin dute, eta interesa dutenek 'bakearen artisauen' webgunean eman ahal izango dute izena. "Oraino laguntzaile kopuru handiena bilatzen dugu, jadanik historikoa den egun horren antolaketan eta ongi iragaitean parte hartzeko!", adierazi dute bakearen artisauek ohar bidez. Halaber, webgunearen bitartez diru ekarpena egin ahal izango da.