1980an desagertu zen
Ez dute topatu Naparraren gorpua Landetan egindako bilaketan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Naparra 1980ko ekainaren 11an desagertu zen, Ziburun (Lapurdi), eta Batallon Vasco Españolek bere gain hartu zuen bost aldiz haren bahiketa eta hilketa.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Frantziako Landetan ustezko ETAko kidea eta Komando Autonomoetako ustezko buru zen Jose Miguel Etxeberriaren, "Naparra"ren, gorpua bilatzeko lanek arrakastarik ez dute izan, Mont de Marsaneko fiskalak, Jean-Philippe Récappék, azaldu duenez. 1980an desagertu zen Naparra.
Frantziako Ministerio Publikoko ordezkariak esan duenez, ez dute baztertzen hasiera batean gorpua han hilobiratu izana, baina argi utzi du, miatutako gunean ez dutela ezer aurkitu.
Récappék azpimarratu duen arabera, Frantziako Poliziak Espainiakoak eskatutakoa egiten amaitu du, eta azken honi dagokio orain bilaketa jarraitzea.
Naparra 1980ko ekainaren 11an desagertu zen Ziburun (Lapurdi), 22 urte zituela. Batallon Vasco Españolek bere gain hartu zuen bost aldiz haren bahiketa eta hilketa.
Naparraren familia
Eneko Etxeberriak, Naparraren anaiak, aitortu duenez, familiak ez du soilik gorpua aurkitu nahi, baizik eta justizia egitea ere nahi du.
Azpimarratu duen arabera, lehenengo aldia da gorpua aurkitzeko aukeratik hain gertu egon izana. "Baikor nago, baina aurkitzeko aukera ez egotea ere hor dago, eta jasotako arrastoa gezurra izan daiteke", azaldu du telefonoz eskainitako elkarrizketa batean.
"Nola edo hala, saiatzen jarraituko dugu. Nahia da garrantzitsuena, eta ez gurea bereziki, baizik eta non dagoen dakiten pertsonena", nabarmendu du Etxeberriak. "Desertutik ibilbide bat" izan dira azken 37 urte hauek.