Itxi

Epaia

Barrenetxea torturatzeagatik epaitutako 4 guardia zibilak, errugabe

AGENTZIAK | EITB.EUS

Leer en Castellano

Salatzailearen "adierazpen egozgarriaren iraunkortasunean hausturak" atzeman dituzte epaileek, "kontraesanengatik" eta "akats edota ahazte zehatzengatik".

Lau guardia zibilak, akusatuen aulkian. EFE

Bizkaiko Lurralde Epaitegiak errugabe jo ditu Sandra Barrenetxea torturatzeagatik epaitutako lau guardia zibilak, gaur kaleratutako epaian jaso duenez. Salatzailearen "adierazpen egozgarriaren iraunkortasunean hausturak" atzeman dituzte epaileek, "kontraesanengatik" eta "akats edota ahazte zehatzengatik". Ekineko kidea izatea egotzita atxilotu zuten Barrenetxea.

Epaileen ustez, "hasiera batean, eta orokorrean, Barrenetxeak egindako adierazpenak ez dira sinesgaitzak . Azaltzen dituen gertakariak ez dira eginezinak ezta imajinaezinak izateagatik onartezinak  ere".  Horregatik, epaian azpimarratu dutenez, salatutako gertakariak "erabat ezinezkotzat, eta, beraz, faltsutzat ez dituzte hartu, baizik eta adierazpena ez da nahikoa errugabetasun presuntzioa indargabetzeko. Kontzeptu oso ezberdinak dira".

Epaian jasotzen denez, "kontraesanak oso nabarmenak dira", eta salatzaileak "aitortu zuen blokeo mentalarengatik" azaltzen ez direla ikusi dute. Horren harira, salaketa "seguru edo eroso sentitzen den momentu batean egiten da, eta denboraren pasatzearekin gertakariak itxuraldatu ez direla" pentsatu behar dugu.

"Erabat onartezina da oso imajinaezina delako guztiz biluzik egon zen unea poliziaren kotxetik gertu egondako baten batek ikusi ez izana; bidaia lau ordukoa izan zelako eta egunez egin zelako", gaineratu dute.

Horien ustez, "erabat nabarmengarria" da auzitegi medikuaren lehenengo bisitan "hainbat alditan eskua irekita zutela buruan jo zutela bakarrik esatea, eta, Barrenetxearen arabera, bidaian gertatutakoari buruz ezer ez esatea".

Epaiketa

Lau guardia zibilen kontrako epaiketa martxoan egin zuten, Bilbon. Barrenetxea 2010ean atxilotu zuten, Ekineko kide zelakoan. Akusazioak bederatzina urteko kartzela-zigorra eskatu zuen guardia zibilentzat, sexu erasoak, torturak eta lesioak egotzita; defentsako abokatuak eta Fiskaltzak, berriz, absoluzioa.

Inkomunikazio-aldian torturak jasan zituela salatu zuen Barrenetxeak. Epaiketan, jasandako tratu txarrak eman omen zizkiotenlau agenteetako hiru identifikatu zituen emakumeak. Bertan esan zuenaren arabera, horietako batek "mahai gainean jarri zuen, galdeketa egiten zioten bitartean", eta bortxatu egingo zutela esanez mehatxatu zuten. Beste bat Bilbotik Madrilera egindako bidaian egon zen, haren esanetan. Bidaian "jo egin ninduten, poltsa bat jarri zidaten buruan, arropa kendu eta ukituak egin zizkidaten, iraindu egin ninduten eta, jarraian, kolpeak eman zizkidaten", adierazi zuen.  Barrenetxeak esan zuenez, Guardia Zibilaren egoitzan egin zioten galdeketan parte hartu zuen hirugarren agenteak, eta "irainak, kolpeak eta bortxatzeko mehatxuak etengabeak izan ziren".

Atxilotutako emakumeari "denbora guztian tratu egokia" eman ziotela deklaratu zuten guardia zibilek epaiketan. Barrenetxea artatu zuen auzitegi medikuak aitortu zuenez, Sandra Barrenetxeak tratu txarrak eta mehatxuak jasan zituela esan zion, baina berak ez zuen horren zantzurik atzeman.

Albisteak (5)