Itxi

Agiria

Dagoeneko 'erakunde armagabea' dela iragarri du ETAk

Eitb.eus

Leer en Castellano

ETAk "kontrolpean zituen armak eta lehergailuak gizarte zibilaren esku" daudela jakinarazi du BBCri bidalitako agiri batean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

ETAk "jadanik erakunde armagabea dela" jakinarazi du BBC hedabideari igorritako agiri batean, eta "kontrolpean zituen armak eta lehergailuak gizarte zibilaren esku" utzi dituela azaldu du.

Gauerdian BBC hedabideari eta euskal hedabide batzuei igorritako agirian eman du ETAk armagabetzearen berri. "Oraindik prozesua ez da amaitu", gaineratu du, apirilaren 8an izango baita "armagabetzearen eguna", eta oraindik "bakearen etsaien erasoaldiak jasan ditzakeela" ohartarazi du.

Apirilaren 7ko data duen agiri horren bidez, "jadanik erakunde armagabea dela" eta "kontrolpean zituen armak eta lehergailuak gizarte zibilaren esku" utzi dituela jakinarazi die "Euskal Herriari eta Nazioarteko Komunitateari".

ETAk erreferentzia zuzena egin dio "bakearen artisauek" bere gain hartutako ardurari. Izan ere, bake prozesua gauzatzeko Iparraldeko gizarte zibileko ordezkariek bitartekari lanak bere gain hartzea erabaki zuten, eta apirilaren 8an ETA armagabetuta egongo zela ziurtatu zuten.

Halaber, armagabetze prozesuak "euskal erakundeen aldetik jaso duen babesa" nabarmendu du ETAk.

Erakundeak ez du azaldu nola gauzatu duen armagabetzea, baina prozesua oraindik amaitu gabe dagoela azpimarratu du, eta "bakearen etsaien erasoaldiak jasan ditzakeela" ohartarazi du.

"Bihar, armagabetzearen alde, Baionako hirian bilduko diren milaka eta milaka herritarrak dira aurrerabidean segitzeko berme bakarra", gaineratu du, larunbaterako "bakearen artisauek" antolatutako armagabetze egunari erreferentzia eginez.

"Euskal Herriaren alde egiteko hartu genituen armak eta Euskal Herriaren esku utzi ditugu orain, gure herrian bakea eta askatasuna lortzeko bidean urratsak egiten segitzeko, konponbidearen agendan aurrera egiteko konpromisoak hartu behar direlako", erantsi du ETAk.

Erakundeak azaldu duenez, "oso ibilbide zaila eta gogorra izan da", Espainiak eta Frantziak "ahal bezain beste oztopo eta arazo jarri dituztelako, garaitu eta garaileen eskeman tematuta, polizia bidean gotortuta", gaineratu du erakundeak.

Alabaina, ETAk azpimarratu duenez, "gizarte zibilak urratsa egin zuen, eta usteltzeko bidean zegoen blokeo egoera askatzeko ekarpen erabakigarria egin du, armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa bere gain hartuta. Nabarmendu behar da, halaber, armagabetze prozesu honek euskal erakundeen aldetik jaso duen babesa".

"Armagabetzearen eguna", larunbatean

Martxoaren 17an, Txetx Etcheverry ekintzaile ekologistak iragarri zuen larunbat honetan gizarte zibilak "armagabetzearen eguna" egingo zuela. Ondorioz, apirilaren 8an ETA "erabat" armagabetuta egongo zela jakitera eman zuen Le Monde egunkari frantsesaren bidez.

Harrezkero, Iparraldeko sindikalista eta ekintzaile taldeak Baionan izango den ekitaldiari buruzko xehetasunak eman ditu. Ekitaldi nagusia 15:00etan hasiko da Roland Barthes zelaigunean, eta "armagabetzearen eta bakearen alde" milaka pertsona biltzea espero dute.

Apirilaren 8ko egitarauari dagokionez, hasteko, "Bakea orain, Herriaren aldarria" dokumentala eskainiko dute, eta, ondoren, filmaren inguruko eztabaida egingo dute. Ekitaldi nagusia 15:00etan izango da.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)

Informazio gehiago (4)