Eta-ren armagabetzea
Presoen egoera euren esku eta ETAren esku dago, Mendiaren ustean
agentziak | erredakzioa
PSE-EEren idazkari nagusiaren arabera, kartzela politikarekiko duten jarrera "berdina da" eta "ez da aldatu" Zapateroren garaitik.
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiaren esanetan, "gaur ez da presoez hitz egiteko" eguna, biktimez hitz egiteko unea baizik. Gainera, presoen egoera "soilik euren esku" eta ETAren desagertzeari lotuta dagoela esan du.
Mendiak Barakaldoko Sozialistek antolatutako Errepublikaren Jaian parte hartu du, eta ETAren apirilaren 8ko armagabetzeari buruz mintzatu da hedabideen aurrean.
"50 urtez indarkeria terrorista egon eta gero, ETAk Espainiako eta Frantziako Gobernuak baina, bereziki, euskal hiritarrak baldintzatzeko erabili zituen armak legea betearazten duen esku daude", esan du.
Gainera, Mendiaren esanetan, euskal herritarrok "ETAren desagertzera urrats bat gehiago eman dugu"; hori da, hain zuzen, "egiteke dagoena oraindik", "euskal gizartean eragindako mina aitortzeaz gain".
Gaineratu duenez, kartzela politikarekiko duten jarrera "berdina da" etap "ez da aldatu" Rodriguez Zapatero residentearen garaian ezarri zenetik.
Orain, Mendiaren iritzian, "espero duguna ETA desagertzea da, eta ETAko presoen egoera hobetzen lagunduko luke zuzenean, haien egoera haien esku dago eta, egotekotan, bandaren desagertzeari lotuta dago, horrek kartzeletan duten egoera aldatuko luke", adierazi du.