Aberri eguna
EAJren ustez, 'posible da' Euskadi eta Estatuaren arteko aldebiko harremana
Agentziak | Erredakzioa
ETA desegin dadila eskatu du, 'Euskadi tiroka eta jendea hilez eraikitzen zela uste zutenen sekulako porrota' izan ostean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Andoni Ortuzar EAJko EBBren presidenteak gaur baieztatu duenez, "posible da" Euskadi eta Estatu espainolaren artean aldeko harremana izatea. Horren harira, honako galdera hau luzatu du: "Zergatik ez dugu euskaldunok subiranotasun partekatua lortuko, baldin eta Madrilek Gibraltarri eskaintzen badio?". Aldi berean, ETA desegin dadila eskatu du, "Euskadi tiroka eta jendea hilez eraikitzen zela uste zutenen sekulako porrota" izan ostean.
Aberri Egunaren harira, 'Lehen, orain eta beti, Aberri! lelopean, Bilboko Plaza Barrian egindako ekitaldi politikoan autogobernu gehiagoren alde agertu da Ortuzar, eta "Euskadi aske bat" lortzeko bere nahia adierazi du.
"Egiteko etapa berri bat dugu gure aurrean. Eztabaida Eusko Legebiltzarrean dago, eta ahalik eta akordio zabalena lortu nahi dugu, 1979an lortu zena baino handiagoa, nazionalisten eta ez nazionalisten artean".
Baieztatu duenez, EAJk "Euskadi nazio gisa aitortuko duen estatus berri bat" defendatuko du. "Aldebikotasuna posible da. Madrildik orain Gibraltarri subiranotasun partekatua eskatzen bazaio, zergatik ezin dezakegu euskal herritarrok ere izan?", gaineratu du.
Andoni Ortuzar, egindako mintzaldian zehar. Argazkia: EFE
ETAren armagabetzea
EBBren presidenteak gogora ekarri du apirilaren 8an ETAren armagabetze prozesua gauzatu zela. "Duela hiru urte esan genien zeukaten irtenbide bakarra euskal gizarteari armak ematea zela. Gogor kritikatu gintuzten. Hiru urte geroago horixe egin behar izan dute, beti bezala, berandu", kritikatu du.
Zehaztu duenez, ez du atsegin "garaileak eta garaituak seinalatzeko dinamika", baina, bere aburuz, "sekulako porrotaz hitz egin behar da, Euskadi tiroka eraikitzen zela, askatasuna jendea hilez irabazten zela eta justizia Goma 2 erabiliz lortzen zela pentsatzen zutenena".
Bere iritziz, 'dena edo ezer ez' ziotenak 'ezer' gabe geratu dira, "ezer onik ez, gutxienez". "Larunbatean armak eman zituzten. Espero dezagun laster emango dutela hainbeste dugun hori, garrantzitsuena: erabateko desagertzea, desegitea, haien porrotak euskal gizartearen arrakastari bide eman diezaion", azpimarratu du.
Ezker abertzalearentzat ere hitzak izan ditu Ortuzarrek. Hala, galde egin dio ea prest dagoen "nazio eraikuntza egunen egun egitera". "Iritsi da garaia ezker abertzalean oin biak alde zuzenean izan ditzan, demokraziaren aldean eta guztiontzat joko-arau berak dauden aldean", esan du. Aldi berean, ziurtatu du aukera asko daudela "EAJren eta ezker abertzalearen artean elkarlana" eman dadin. "Prest gaude aukera horiek aztertzeko", erantsi du Ortuzarrek.
ELA
ELA sindikatua ere hizpide izan du Andoni Ortuzarrek. Bere esanetan, "aurrera jarrai dezakete euren greba politikoekin eta euskal erakundeen eta EAJren aurkako euren adierazpen politikoekin. Hori bai, galdera bat egingo nieke: guztiaren aurka agertzeaz gain, 'ez' esateaz gain, eta dena eta guztiok kritikatzeaz gaiz, espero ahal dezakegu noizbait zerbaiti 'bai' esango diotenik? Noiz ikusiko ditugu laguntzen, korrontearen alde arraun egiten, gurekin batera nazioa eraikitzen?".
Urkullu
Ortuzarren aurretik Iñigo Urkullu lehendakaria mintzatu da ekitaldi berean. Esan duenaren arabera, urte hauetan guztietan zehar "zintzotasunez" lan egin dute "ETAren indarkeria deuseztatzeko". "Orain, bake prozesu baten arrakasta guztion garaipena izatea lortu behar dugu", iritzi dio.
Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu elkarrekin, atzean Juan Mari Aburto Bilboko alkatea begira dituela. Argazkia: EFE
Halaber, nabarmendu duenez, "terrorismoaren eta indarkeriaren biktimek berebiziko lekua dute". "Elkartasun pertsonaletik haratago, beharrezkoa da bidegabeki jasandako sufrimenduagatik gizartearen aitortza jasota geratzea", esan du lehendakariak.
"Askeagoa eta bidezkoagoa den gizarte baten eraikuntza" defendatu du, eta horretarako tresna autogobernua dela zehaztu du.
Bere aburuz, hori guztia "prozedura demokratikoetatik" egin behar da. "Aniztasuna errespetatuko duen akordio baten alde egiten dugu, sentimendu desberdinak errespetatuko dituena, hitzarmenezko eta konpromisozko eskema batean integratzen saiatuta", zehaztu du.