Itxi

Aberri eguna

Aberri 'ireki eta inklusiboa' defendatu du Ahal Duguk

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bernardo Atxagaren esanetan, 'azken 30 urteek erakutsi dute nazioaren kontzeptua berriro ere baztertzailea dela'.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Nagua Alba Ahal Dugu alderdiko idazkari nagusiak "aberri irekia" defendatu du gaur, "historia kontaketa inklusibo batetik idatzi eta inor atzean utziko ez duena". Horrez gain, gizarte eredu berri bat eraikitzeko deia egin du "non euskal gizarteak azken hitza izango duen".

Albak Bilbon egin ditu adierazpen horiek, bere alderdiak 'Aberri irekia' lelopean Aberri Egunaren harira antolatu dituen mintzaldi eta mahai-inguruei hasiera eman aurretik.

Ekitaldien artean, eztabaida bat antolatu dute 'aberri' kontzeptuari buruz, eta bertan Nagua Alba berak eta Bernardo Atxaga idazleak parte hartu dute. Azken horren aburuz, "azken 30 urteek erakutsi dute nazioaren kontzeptua berriro ere baztertzailea dela".

Ahal Duguren arduradunaren esanetan, "euskal herritar orok dauka euskal herritarra sentitzeko eskubidea, nahi duen eran, eta nortasun horretan eroso sentitzeko". "Aberri ireki bat eraiki behar da, pertsona oro horren parte izatera gonbidatuta sentituko dena; izan ere, herritarrak baitira aberria eraikitzen dutenak", adierazi du Albak.

Gaineratu duenez, "aberria plurala eta askotarikoa da, ez da nortasun nazional batera murrizten, baizik eta guztiak barne hartzen ditu". Zentzu horretan, aberria defendatzeko era "bere gizartearen beharrizanei lehentasuna ematea eta bere eskubideengatik borrokatzea" dela adierazi du.

Armagabetzea

Bestalde, ETAren armagabetzearen ostean dagoen agertokiari dagokionez, Albak esan du Armagabetzea ez dela prozesu baten amaiera, baizik eta urrats bat dela. "Prozesu hori ez zen hasi ETAk bere jarduera armatua utzi zuenean, baizik eta euskal gizarteak hasi zuen asko arinago", erantsi du.

Zentzu horretan, oraindik urratsak eman behar direla iritzi dio, prozesua ez baita orain amaitu. Aldiz, bere ustez, prozesua amaitutzat jo ahal izango da "mundu guztiak ulertzen duenean indarkeria ez dela inongo helbururik lortzeko tresna erabilgarria". Azkenik, bere hitzetan, "euskal gizarteak eskatu dionarekin koherentea izan nahi badu, ETAk bere burua desegin behar du".

Bideoak (1)