Itxi

Gürtel auzia

PPk dio 'arrazoi politikoengatik' deitu dutela deklaratzera Rajoy

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Alderdi Popularraren ustez, Mariano Rajoyk ez luke Gürtel auziaren epaiketan lekuko gisa deklaratu beharko, eta, ondorioz, erabaki hori "gehiegikeria" dela adierazi du.

Marino Rajoy. Artxiboko argazkia: EFE

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak lekuko gisa deklaratu beharko du Gürtel auziaren epaiketan. Alderdi Popularrak esan du Auzitegi Nazionalaren erabakia errespetatzen duela, baina "gehiegikeria" iruditzen zaiola eta zitazioaren atzean "arrazoi politikoak" daudela.

Agiri baten bidez, PPk adierazi du Rajoy deklaratzera deituta Auzitegi Nazionala "kontraesanetan" erortzen dela, 2016ko urrian eta otsailean atzera bota zituelako Espainiako Gobernuko presidentea deklaratzera deitzeko eskaerak, "auzi horretan haren testigantza beharrezkoa eta erabilgarria ez zela argudiatuta".

Era berean, Gürtel auzian akusazio partikularra den ADADE abokatu elkarteak egindako eskaeraren atzean "arrazoi politikoak" daudela salatu du; izan ere, Rajoyren deklarazioak "ez du interes juridikorik", horren ustez.

PPk nabarmendu du abokatu elkarte hori Javier Ledesmak eta Mariano Benitez de Lugok zuzentzen dutela, "Alderdi Sozialistarengandik oso hurbil dauden abokatuak".

"Egia da PPko presidentea beste 300 lekukorekin batera deitu dutela deklaratzera, epaitzen diren gertakarietan inolako erantzukizunik egotzi gabe, baina argi dago Mariano Rajoyren zitazioaren bidez akusazio popularrak auzia mediatiko bilakatzeko asmoa duela", erantsi du.

Horrez gain, PPk gogora ekarri du Pablo Ruz instrukzio epaileak bere garaian uko egin ziola Rajoy deklaratzera deitzeari, akusazio partikularraren eskaria "zilegi ez" zela eta horren atzean "beste interes batzuk" egon zitezkeela iritzita. Fiskaltzak eta Estatuko Abokatuak ere argudio horiek berretsi zituzten.

Hori dela eta, Alderdi Popularraren esanetan, "salbuespena" da Auzitegi Nazionalak akusazio partikularraren eskaria Fiskaltzaren irizpidearen kontra onartu izana.

PPren ustez, akusazio partikularrak "alegazio faltsuak erabili ditu, Rajoyri ez dagozkion funtzio eta ardurak egotzita".

Nolanahi ere, Alderdi Popularrak azpimarratu du auzitegien ebazpenak errespetatzen dituela, eta, ondorioz, justiziarekin elkarlanean aritzeko borondatea duela adierazi du.

Albisteak (3)