Polizia-operazioa
Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidente ohia atxilotu dute
agentziak | erredakzioa
PPko buruzagi ohia Isabel II.a Kanalarekin lotutako ustezko ustelkeria kasu baten harira atxilotu dute, beste 11 lagunekin batera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ignacio Gonzalez (PP) Madrilgo Erkidegoko presidente ohia atxilotu dute, beste batzuekin batera, Isabel II.a Kanalarekin lotutako ustezko ustelkeria kasu baten harira Guardia Zibilak abian jarritako polizia-operazioaren baitan.
Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailea zuzentzen ari da operazioa, eta oraingoz 12 dira atxilotuak ustelkeriarekin lotutako zortzi deliturekin lotuta: prebarikazioa, talde kriminala, diru-publikoa bidegabe erabiltzea, funtzionario eroskeria, dirua zuritzea, iruzurra, dokumentuak faltsutzea eta negozio ustelak egitea.
Gainera, hainbat miaketa egiten ari dira Espainiako hiriburuan, Isabel II.a Kanalaren egoitzan, besteak beste. Gonzalez izan zen erakunde horren presidente 2003tik 2012ra, Madrilgo presidenteorde izan zenean.
Ikertzen ari diren delituen artean, Emissao Engenharia e Construçoes enpresa brasildarraren legez kanpoko erosketa dago, PSOEk, Podemosek eta Ciudadanosek Fiskaltzaren aurrean salatutakoa.
Hiru alderdiek txostena aurkeztu zuten aipatu enpresaren erosketan ustez izan ziren irregulartasunak jasotzeko. Podemosen arabera, 35 milioi euroko galera eragin zuen operazio hark.
Txosten horretan azaltzen denez, Emissao 21,4 milioi euroren truke erosi zuen Isabel II.a Kanala erakunde publikoak; hilabete geroago, horren ondare garbia 10,629 milioi eurokoa zen; urtebete geroago, 5,380 milioikoa.
Dena dela, irregulartasunak ez omen dira Emissaoren erosketara mugatzen, Madrilgo Erkidegoaren zorpetzea argitzeko Madrilgo Asanbleako ikerketa batzordeak egin zuen lanean oinarrituta egindako salaketan agertzen denez.
Cifuentes, lekuko
Bestalde, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak lekuko gisa deklaratzera deitu ditu gaur bertan Cristina Cifuentes Madrilgo Erkidegoko presidentea eta Angel Garrido presidenteordea, Isabel II.a Kanalaren auzia argitzeko prozesuan.
Guztira, Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio epaitegiak bost pertsona deitu ditu lekuko gisa deklaratzera, Isabel II.a Kanaleko ustezko ustelkeriagatik 12 pertsona atxilotu dituzten egunean bertan.
Auzitegi Nazionalean deklaratu aurretik Cifuentesek esan duenez, Madrilgo Erkidegoko Gobernua "Justiziari erabateko laguntza ematen ari zaio".
Cifuentesek gogorarazi du bere garaian Fiskaltzari bidali ziotela Isabel II.a Kanalaren inguruko informazioa. "Ordutik gaur arte eta etorkizunean, gure laguntza erabatekoa izan da, erabatekoa da eta erabatekoa izango da", azpimarratu du.
'La Razon' egunkariko presidentea eta zuzendaria, auzipetuta
Gainera, ikerketa berean, Mauricio Casals eta Francisco Marhuenda 'La Razon' egunkariko presidentea eta zuzendaria auzipetu dituzte, Cristina Cifuentes Madrilgo presidentea beldurrarazteagatik.
Ostegun honetan deklaratuko dute Eloy Velasco epailearen aurrean, Auzitegi Nazionalean.
Epaileak Zigor Kodearen 464. artikulua oinarri hartuta deitu ditu deklaratzera. Artikulu horren arabera, urtebete eta lau urte arteko zigorrak ezar daitezke, "indarkeria edo beldurra erabilita, prozesu judizial batean salatzaile, auzipetu, abokatu, prokuradore, aditu, interpretatzaile edo lekuko baten jarrera aldarazten saiatzeagatik".
PPk militantzia kendu dio Gonzalezi
PPk behin-behinean militantzia kendu dio Ignacio Gonzalezi atxiloketaren ostean. PPk ohar baten bidez jakinarazi du gaur goizean bertan hartu dutela erabakia.
Alderdiak 2016ko martxoan ireki zion espedientea Gonzalezi, Esteponan erositako etxebizitza baten inguruan abiatutako ikerketa judizial bat medio, baina ordutik gaur arte PPk ez du erabakirik hartu.
Etxebizitza horren inguruko ikerketarekin batera, epaileak Gonzalez eta Lourdes Cavero emaztea deitu zituen deklaratzera, eta orduan ireki zioten espedientea.
Orain, Gonzalezen atxiloketak azkartu egin ditu erabakiak, eta "afiliazioa" kendu diote (azken kongresuan "militante" hitza kentzea adostu zuten).
Ignacio Gonzalezek 2016ko urtarrilean utzi zuen Madrilgo PPren idazkari nagusi kargua, baina ez zen horren berria zabaldu Esperanza Aguirrek urte horretako otsailaren 14an Madrilgo PPren presidente kargua utzi zuen arte.