Txostena
Poliziaren biktimen euskal legea babestu du NBEko aditu batek
Agentziak | Erredakzioa
Fabian Salvioli NBEren Giza Eskubideen Batzordeko presidente ohiaren hitzetan, Legebiltzarrak onartutako legea nazioarteko zuzenbidearekin bat dator.
Biktimen erreparaziorako Euskadiko 12/2016 Legea, Poliziaren gehiegikerien biktimen legea izenarekin ere ezagutzen dena, nazioarteko zuzenbidearekin bat datorrela ondorioztatu du Fabian Salvioli Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeko presidente ohiak. Salviolik legearen inguruko txostena egin du, eta ondorioak aurkeztu ditu Lehendakaritzan, Manu Lezertua arartekoarekin, Jonan Fernandez Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusiarekin eta Iñigo Urkullu lehendakariarekin egindako bileran.
Eusko Legebiltzarrak 2016ko uztailean onartu zuen Poliziaren gehiegikerien biktimen legea, EAJren eta PSE-EEren botoekin. EH Bilduk zuri bozkatu zuen, eta PPk eta UPyDk, kontra.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 1979tik 1999ra bitartean motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen biktimak aitortzea eta biktima horiei ordaina emateko jaio zen legea. 2012an Patxi Lopezen gobernuak bultzatutako dekretu baten jarraipena zen.
Mariano Rajoyren Gobernuak Legearen kontrako helegitea aurkeztuko zuela iragarri zuen. Espainiako Gobernuaren esanetan, legea Konstituzioaren kontrakoa da, eta Estatuaren hainbat eskuduntza urratzen ditu. Dena dela, gobernu zentralak ez du oraindik helegitea aurkeztu, eta maiatzaren 10erako hitzartuta duten alde biko bileran adostasuna lortzeko itxaropenarekin.
Nazioarteko zuzenbidearekin bat, "zalantzarik gabe"
EAEko agintariekin egindako bileraren ondotik, agerraldia eskaini du NBEko adituak Jonan Fernandez Bakea eta Bizikidetzarako idazkariarekin batera.
Salviolik azaldu duenez, Legebiltzarrak onartutako legea "nazioarteko zuzenbideak, nazioarteko babes erakundeek eta giza eskubideen urraketen biktimen erreparazioko gaietan ondutako estandarrek zehaztutako noranzkoan doa bere osotasunean".
Txostenaren arabera, Legea bat dator "nazioarteko araudi eta erabakiekin", eta "giza eskubideen urraketei buruz dagoen nazioarteko jurisprudentzia" errespetatzen du.
"Ezarritako jurisdikzio, denbora esparru, pertsona onuradun, ekintzarako printzipio eta prozedurei" dagokienez, adituak ondorioztatu du Legeak "nazioarteko erakundeek erreparazio gaietan erabakitako araudi eta ebazpen guztiak" betetzen dituela.
Adituaren ustez, "salbuespenik gabe erabat indarrean sartuta, ez dago zalantzarik 12/2016 Legeak, bere xede eta helburuaz behar bezala aplikatzean, giza eskubideen gaineko Estatuaren betebeharrak ikuskatzen dituzten nazioarteko erakundeen balorazio oso ona jasoko duela".
Eginahalak helegitea saihesteko
Jonan Fernandez Bakea eta Bizikidetzarako idazkari nagusia mintzatu da ondoren. Iragarri duenez, Jaurlaritzak "eskura duen guztia" egingo du Espainiako Gobernuaren helegitea saihesteko. Haren iritzian, Salvioliren txostenak bide horretan lagunduko du.
Fernandezek gogorarazi duenez, hainbat aditu "inpartzialek" babestu zuten legea izapide parlamentarioak iraun zuen artean, eta azken txosten honek orain arte esandako guztia baino ez du baieztatzen.
Bakea eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren berbetan, biktimen nagusitasun printzipioa "eztabaidaezina" da eta "balio pedagogiko sakona" du oroimenerako eta bizikidetzarako.
Horren ildoan, "giza eskubideen urraketen biktima guztien erreparazioaren bidea elkarrekin egiteko" deia egin dio Fernandezek Espainiako Gobernuari, "baita estatuaren botere gehiegikerien edo indarraren erabilera desegokiaren ondoriozko biktimena ere”.