Itxi

Auzitegi Nazionala

Jordi Pujol Ferrusola bermerik gabe kartzelara bidali du epaileak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak, Estatuko Abokatutzak eta herri akusazioak egindako eskaria aintzat hartu du Jose de la Mata epaileak.

Jordi Pujol Ferrusola. Artxiboko argazkia: EFE

Jordi Pujol Ferrusola baldintzarik gabe espetxera bidali du Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epaileak, Pujol familiaren ondarea ikertzen hasi ondoren ere 30 milioi euro ezkutatu zituela jakin ostean. Epailea Pujol familiako hainbat kide ikertzen ari da, zerga ihesa eta kapitala zuritzea leporatuta. De la Mataren arabera, espetxeratzea ezinbestekoa da ikerketarekin jarraitzeko.

Aurrez, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak, Estatuko Abokatutzak eta auzian herri akusazio gisa aurkeztu den Podemosek Pujol Ferrusolaren espetxeratzea eskatu dute, frogak suntsitzeko eta delituak berriro egiteko arriskua dagoela iritzita.

Delitu ekonomikoak ikertzen dituen Poliziaren (UDEF) txostenak erreparatuta, "bertsioak eta koartadak prestatzeko eta auziaren esku froga berriak ez uzteko helburuz", harremanak izaten jarraitzen zuen familiako kideekin, lagunekin eta hainbat pertsonarekin.

Halaber, autoaren arabera, denbora horretan hainbat operazio egiten jarraitu du —kontabilitateari, kontratu eta sozietateei, mailegu eta zorrei lotutakoak— guztia ezkutatzeko eta epaitegien eskumenetik kanpo uzteko. De la Mataren esanetan, Pujolen seme zaharrenak kapitalak zuritzeko, horiek Espainiatik ateratzeko eta aberriratzeko eskemari eusten dio.

Gaineratu duenez, beste herrialde batzuetako "testaferro" batzuekin (Mexiko, AEB eta Argentina, kasu) zuzeneko harreman etengabea izaten jarraitzen du. Hori dela eta, frogak eta zantzuak ezkutatzeko eta ikerketa zaildu nahi duela iritzi dio epaileak.

Egoera hori tarteko eta fiskalaren eskariz, eskuko telefonoa blokeatu eta kendu dio epaileak Jordi Pujol Ferrusolari.

Epailearen aurrean egindako deklarazioan, ukatu egin du dirua ezkutatzen jardun duenik. Bestalde, haren espetxeratzea eskatu dutenean, Pujol Ferrusolari egozten zaizkion operazioak 2015a baino lehen egin zirela —kontu korrontean 25 milioi euro blokeatu aurretik— adierazi du haren defentsa abokatuak.

Auzitegi Nazionaletik aterata, Soto del Realgo kartzelan sartuko dute.

Albisteak (1)