Itxi

PSOE

Hiru hautagaiak prest, PSOEren barne hauteskundeen kanpainarako

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Susana Diaz, Pedro Sanchez eta Patxi Lopez hautagaiek babesa biltzen jarraitu dute gaur egindako ekitaldietan, PSOEren barne hauteskundeetako kanpaina ofizialki hasi aurretik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

PSOE gidatzeko lehian dauden hiru hautagaiek ekitaldiak antolatu dituzte gaur, buruzagi sozialista berria nor izango den erabakitzeko maiatzaren 21ean egingo dituzten barne hauteskundeetan. Kanpaina ofiziala maiatzaren 9an hasiko da.

Lurraldeak eta pertsonak "errespetatuko" dituen Espainia federala aldarrikatu du Diazek

Susana Diazek defendatu duenez, buruzagi andaluziarrak bideraturiko proiektua da onena, lurraldeak eta pertsonak "errespetatuko" dituen Espainia federala lortzeko bidea gidatzeko. L'Hospitalet de Llobregat (Bartzelonan) herrian militante sozialistekin egindako topaketan egin ditu adierazpenok Diazek. Celestino Corbacho Lan eta Inmigrazio ministro ohiaz gain, David Quiros eta Pepe Castro L'Hospitaleteko zinegotziak izan dira ekitaldian.

"Badakit gure alderdia oso garrantzitsua dela, eta herrialdeko lurraldeak antolatzeko ardura historikoa duela", esan du. Ondoren, jendearen txalo artean nabarmendu duenez, "askatasunean, berdintasunean eta jendearen eskubideetan oinarritutako proiektu kolektibo bateko kide izateaz harro egon gaitezen lortu behar dugu".

Pedro Sanchezek "PSOE berri bat jaioko dela" iragarri du

Pedro Sanchezek, bestalde, "PSOE berri baten aldeko apostua" egin du, "ez soilik lauzpabost buruzagik gidatutako alderdia", buruzagaiak bezain garrantzitsuak sentitzen diren militanteak dituena baizik.

Elxeko Carrus auzoko kiroldegian egon da Sanchez, orain dela bi aste Susana Diaz izan zen toki berean. 1.500 bat pertsonak egin dute bat Sanchezekin, eta jasotako 53.000 abalak eskertu ditu.

Lopez: "PSOE batzeak ez du esan nahi erdia beste erdiaren kontra jartzea"

Patxi Lopezen esanetan, "PSOE batzea ez da alderdiaren barruan bi bloke sortzea, bata bestearen aurka jartzeko", ezta "erdia batzea beste erdiaren aurka egiteko". Lehendakari ohiak defendatu du "sozialismo guztia bildu behar dela, PSOE berreraikitzeko".

250 militantek hartu dute parte Valentziako PSPV-PSOE alderdiaren egoitzan. Horrez gain, Joan Calabuig Valentzia hiriko PSPVko idazkaria ere han izan da. Lopezek azaldu duenez, ez dago "minduta" Pedro Sanchezek harekin bat egitea publikoki eskatzeagatik.

Albisteak (4)

Bideoak (1)