ALTSASUKO AUZIA
Altsasuko auzia eten du Auzitegi Nazionalak, eskumen gatazka argitu arte
EITB.EUS
2016ko urriaren 15ean Altsasun izandako liskarra nork epaituko duen ebatzi behar du Espainiako Auzitegi Gorenak. Bitartean, auziak ez du aurrera egingo.
Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak Altsasuko auzia etetea erabaki du, Espainiako Auzitegi Gorenak kasuko izapideak Iruñean edo Auzitegi Nazionalean egiten diren ebatzi arte. Iazko urriaren 15ean, bi guardia zibilei eta haien bikotekideei eraso egitea leporatu zieten bederatzi gazteri, eta, horietatik, hiruk espetxean jarraitzen dute.
Zehazki, gertatutakoa “terrorismo delitua” den edo ez erabaki behar du Espainiako Auzitegi Gorenak. Ildo horretatik, auzia Iruñean edo Madrilen egiten den esan beharko du.
Martxoan, kasuko izapideak Iruñean egin daitezen eskatu zuen Nafarroako Auzitegiak, Auzitegi Nazionalean egin beharrean, bi guardia zibilei eta haien bikotekideei egindako erasoan terrorismoko "arrazoizko zantzurik" ez dagoela iritzita.
Terrorismo delitu bat egin izanaren "arrazoizko zantzurik" ikusten ez duenez, Nafarroako Auzitegiak ondorioztatu du Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegia dela eskuduna "salatu diren egintzen izapideak egiteko".
Ordudanik, kontzentrazio ugari egin dituzte Altsasuko istiluengatik auzipetutako gazteen senideek, "bidegabekeria" salatzeko eta kartzelan dauden hiru gazteak aske uztea eskatzeko Auzitegi Nazionalari.
Carmen Lamela auzi horretako instrukzio epaileak auzipetuta dauden bederatzi gazteak “atentatu, gorroto eta lesioengatik” epaitzeko eskatu zuen. Horietatik, hiru gaztek espetxean jarraitzen dute.