EiTB Focus
EAJ gehiengo osoa lortzetik gertu egongo litzateke Bilboko Udalean
eitb.eus
Hauteskunde-inkesta Bizkaiko hiriburuko 400 pertsonari galdetuta egin da, EiTBk boto-asmoari eta gaurkotasuneko beste gai batzuei buruz galdetzeko EAEn eta Nafarroan egin duen galdeketaren baitan.
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) gehiengo osoa eskuratzetik hurbil egongo litzateke Bilboko Udalean, udal hauteskundeak gaur egingo balira. Hala ondorioztatu du EiTB Focus ikerketak, Euskal Irrati Telebistak (EiTB) boto-asmoari eta gaur egungo beste hainbat gairi buruz Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan egin duen txostenak.
Makroinkesta Gizaker enpresak egin du EiTBrentzat. Bilbon bizi diren 400 pertsonari galdetu zaie boto-asmoaren inguruan, azken udal hauteskundeak egin zirenetik bi urte igaro eta gero, hau da, udalen legealdiaren erdian.
Euzko Alderdi Jeltzaleak irabaziko lituzke udal hauteskundeak Bilbon, 14 zinegotzi irabazita (gaur egun baino bat gehiago) eta Iñaki Azkunak lortutako gehiengo osoa izateko soilik zinegotzi bat faltako litzaioke.
Botoen ehunekoari dagokionez, EH Bilduk behera egingo luke, baina bigarren postuan jarraituko luke, gaur egun bezala, lau zinegotzi eskuratuta. PSE-EEk, ordea, puntu erdi egingo luke gora, eta hirugarren postuan geratuko litzateke. PPk behera egingo luke, eta gaur egun dituen lau zinegotzietako bat galduko luke.
Ganemos Goazen Bilbaok puntu erdi gehiago jasoko luke, eta bi ordezkari izaten jarraituko luke. Udalberrik botoak galduko lituzke, baina horrek ere bi zinegotzi izango lituzke.
Bilbotarrek 10etik 6,8ko nota jarri diote Bilboko gaur egungo udal gobernuari. % 87,2k, ordea, bostetik gorako balorazioa eman dio.
Juan Mari Aburto alkatea da gehien ezagutzen den eta balorazio onena lortu duen liderra, 6,4ko nota eskuratuta. Aitziber Ibaibarriaga (EH Bildu) eta Carmen Muñoz (Udalberri) dira hurrengoak zerrendan. PSE-EEko Alfonso Gil eta Ganemos-Goazen Bilbo alderdiko Samir Lahdaou nahiko ateratzetik gertu geratu dira, batez beste 4,8ko nota jarri baitiete.
Fitxa teknikoa
EiTB FOCUS inkestatik atera dira datuak; EAEn eta Nafarroan bizi diren 2.350 pertsonarekin hitz eginda. Emaitza nagusiak galdekatutako udalerrien biztanleriaren arabera haztatu dira.
Bilbori buruzko datuak 400 pertsonari itaunduta lortu dira, eta laginaren akats-tartea ±%4,90ekoa izan da.
Landa-lana 2017ko maiatzaren 16tik 20ra egin da elkarrizketak telefonoz eginez.