EiTB Focus
EAJk berriro irabaziko luke Donostian, zinegotzi bat gehiago lortuta
eitb.eus
Hauteskunde-inkesta Gipuzkoako hiriburuko 400 pertsonari galdetuta egin da, EiTBk boto-asmoari eta gaurkotasuneko beste gai batzuei buruz galdetzeko EAEn eta Nafarroan egin duen galdeketan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) beste behin irabaziko luke Donostian, udal hauteskundeak gaur egingo balira. Hala azaleratu da EiTB Focus lanean, Euskal Irrati Telebistak (EiTB) boto-asmoari eta gaur egungo beste hainbat gairi buruz galdetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan egin duen ikerketan.
Makroinkesta Gizaker enpresak egin du EiTBrentzat. Gipuzkoako hiriburuan bizi diren 400 pertsonari galdetu zaie boto-asmoaren inguruan, azken udal hauteskundeak egin zirenetik bi urte igaro ondoren, hau da, udalen legealdiaren erdian.
EAJk berriz ere irabaziko lituzke udal hauteskundeak Donostian, bere aldeko botoen ehunekoak gora eginda eta zinegotzi bat gehiago eskuratuta. PSE-EEk bigarren postuari eutsiko lioke, zinegotzi kopuru bera (7), baina botoen ehuneko gutxiagotuta. Atzetik baina oso gertu, EH Bilduk jarraituko luke, lau hamarren berreskuratu, baina gaur egungo 6 ordezkariei eutsirik. PPk zinegotzi bat eta zortzi hamarren galduko lituzke. Irabazik, aldiz, gora egingo luke apur bat, agintaldi honetako bi ordezkariak berriro lotuta.
Donostiarrek, batez beste, 10etik 6ko nota eman diote gaur egungo udal taldearen lanari, eta % 78k 5etik gorako nota eman diote.
Gipuzkoako hiriburuko politikaririk ezagunena Eneko Goia alkatea da, 6,1eko nota erdietsita. Ondoren, EH Bilduko Amaia Almirall agertzen da. Hain zuzen, horiek biak dira gutxienez nahiko lortu duten bi ordezkari bakarrak. Amaia Martin Irabazi Donostiako kideak 4,9 jaso du, eta Ernesto Gasco PSE-EEkoak, 4,7. Miren Albisturri (PP) 4,2ko nota jarri diote.
Fitxa Teknikoa
EiTB FOCUS inkestatik atera dira datuak; EAEn eta Nafarroan bizi diren 2.350 pertsonarekin hitz eginda. Emaitza nagusiak galdekatutako udalerrien biztanleriaren arabera haztatu dira.
Donostiari buruzko datuak 400 pertsonari itaunduta lortu dira, eta laginaren akats-tartea ±%4,90ekoa izan da.
Landa-lana 2017ko maiatzaren 16tik 20ra egin da elkarrizketak telefonoz eginez.