Altsasuko atxilotuak
Espainiako Gobernuaren ordezkariak debekatu egin du Altsasuko manifestazioa
eitb.eus
Hala, antolatzaileek debekatu egin dute protesta ekitaldia, jendez lepo zegoen plazan batzartu ostean.
Altsasuko atxilotuei elkartasuna adierazteko herrian egitekoa zen manifestazioa debekatu egin du Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, ETBk jakitera eman duenez. Hala, antolatzaileak batzarra egin dute protestarekin zer egin erabakitzeko, eta azkenean bertan behera utzi dute, herriko plazan jende andana zegoen arren.
Altsasuko Auzia aztertzea Auzitegi Nazionalari dagokiola erabaki du ostegun honetan Espainiako Auzitegi Gorenak. Iazko urriaren 15ean, bi guardia zibilei eta haien bikotekideei eraso egitea leporatu zieten bederatzi gazteri, eta, horietatik, hiruk espetxean jarraitzen dute.
Astelehenean Auzitegi Nazionalak kasua etetea erabaki zuen, kasuko izapideak Iruñean edo Auzitegi Nazionalean egiten diren ebatzi arte. Martxoan, kasuko izapideak Iruñean egin daitezen eskatu zuen Nafarroako Auzitegiak.
Espainiako Auzitegi Gorenak “terrorismo” delituaren zantzuak atzeman ditu, eta soilik Auzitegi Nazionalak du delitu horiek aztertzeko eskuduntza. “Une honetan ezin da delituaren larritasuna baztertu, polizietako batek jasandako zauriak kontuan izanda”, esan du Auzitegi Gorenak.
Epaimahaiaren esanetan, bi guardia zibilei egindako "erasoaren helburua ikara eta segurtasun falta" sorraraztea zen, “haien bizilekua utzi eta alde egitera behartzeko”.
Dena dela, Auzitegi Gorenaren esanetan, hartutako erabaki horrek ez du inolako ondoriorik izan behar Altsasun gertatutakoa argitzeko ikerketan, ezta epaiketa egiteko orduan ere.
Gazteen senideek elkarretaratze ugari deitu dituzte gertatutako "bidegabekeria" salatzeko eta espetxean jarraitzen duten hiru gazteak aske uztea eskatzeko.
Carmen Lamela auzi horretako instrukzio epaileak auzipetuta dauden bederatzi gazteak “atentatu, gorroto eta lesioengatik” epaitzeko eskatu zuen. Horietatik, hiru gaztek espetxean jarraitzen dute.