Itxi

Foru Aldundiak

EAJk irabaziko lituzke foru-hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

eitb.eus

Leer en Castellano

EiTBk boto-asmoaz galdetzeko egin duen makroinkestaren emaitzak. EAJk gora egingo luke, EH Bilduk eta PSE-EEk berdin jarraituko lukete, eta PP eta Podemos jaitsi egingo lirateke.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Foru-hauteskundeak orain egingo balira, Euzko Alderdi Jeltzaleak irabaziko lituzke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Euskal Irrati Telebistak (EiTB) boto-asmoari buruz eta beste zenbait gairi buruz galdetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan egindako EiTB Focus inkestak.

Gizaker enpresak EiTBrentzat egin duen makroinkesta egiteko, EAEko hiru lurraldeetako 1.750 pertsona galdekatu dituzte horien boto-asmoaren berri jakiteko, foru-aldundietan legegintzaldiaren erdira iritsi direnean.

Horrenbestez, ikerketaren emaitzen arabera, hauteskundeak orain egingo balira, EAJ izango litzateke alderdi bozkatuena hiru lurraldeetako Batzar Nagusietan, eta gora egingo luke boto-asmoari dagokionez. EH Bilduk eta PSE-EEk Batzar Nagusietarako aurreko hauteskundeetan lortu zituzten emaitzei helduko liekete, eta PPk eta Elkarrekin Podemosek behera egingo lukete.

Araban, EAJ bigarren izatetik lehen postura igoko litzateke botoen ehunekoari dagokionez; EH Bilduk hirugarren indar izatetik bigarren izatera igaroko litzateke; PPk behera egingo luke, lehen postutik hirugarrenera; Unidos Podemos ere jaitsi egingo litzateke; eta PSE-EE eta Ciudadanos, berriz, apur bat igoko lirateke.

Bizkaian, EAJk irabaziko luke berriz ere, eta bigarren indarrari, EH Bilduri, ateratzen dion aldea areagotuko luke. PSE-EEk bere postuari eutsiko lioke, eta Elkarrekin Podemosek eta PPk behera egingo lukete, boto-asmoari dagokionez.

Gipuzkoan ere, EAJ gailenduko litzateke, eta oraingo honetan 7 puntuko aldea aterako lioke EH Bilduri. PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta PPk behera egingo lukete boto-asmoari dagokionez.

Behin legealdi erdira helduta, hiru foru aldundietan izandako kudeaketaren gaineko iritziari dagokionez, biztanleen % 79,1ek ontzat jo dute orain arte egindako lana, eta, batez beste, 10etik 6,2ko nota eman diete hiru foru-aldundiei.

Bestalde, ahaldun nagusien gaineko iritziaz galdetuta, 10etik 6 puntu edo gehiago lortu dituzte.

Azkenik, hiru aldundietan EAJ eta PSE-EE alderdien artean egindako itunek biztanleen % 57ren onespena erdietsi dute, 10etik 5,3ko batez besteko notarekin.

Fitxa teknikoa

EAEko 1.750 biztanle (400, Gasteizen, eta 150, Arabako gainerako udalerrietan; 400, Bilbon, eta 200, Bizkaiko gainerako udalerrietan; 400, Donostian, eta 200, Gipuzkoako gainerako udalerrietan).

Akats-tartea: ±% 4,18koa Arabako datuetarako eta ±% 4koa Bizkaiko zein Gipuzkoako datuetarako.

Lurralde Historikoa, udalerria, sexua eta adina kontuan hartuta banandutako ausazko lagina. Emaitza nagusiak galdekatutako udalerrien biztanleriaren arabera haztatu dira.

Landa-lana 2017ko maiatzaren 16tik 20ra egin da, elkarrizketak telefono bidezko elkarrizketen bitartez.

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)