Itxi

EH Bildu-ren kongresua

Arnaldo Otegi, EH Bilduren koordinatzaile nagusi kargurako hautagaia

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Sortuko idazkari nagusi izateari utziko dio, EH Bilduko koordinatzaile nagusi izan ahal izateko, bi karguak bateraezinak baitira.

Arnaldo Otegi EH Bilduren agerraldi batean. Artxiboko argazkia: EFE

EH Bilduk iragarri du Arnaldo Otegi izango dela koordinatzaile nagusi kargurako bere hautagaia ekainaren 17an Gasteizen egingo duen kongresu eratzailean. Koalizioa osatzen duten lau alderdien (Sortu, EA, Alternatiba eta Aralar) oniritzia dauka Otegiren hautagaitzak.

Sortuk bere militantziari bidalitako zirkularraren arabera, Otegik joan den maiatzean jakinarazi zion ezker abertzaleko alderdiaren Kontseilu Nazionalari idazkari nagusi kargua uzteko erabakia, EH Bilduren koordinatzaile nagusi izan ahal izateko; izan ere, bi karguak bateraezinak dira.

Sorturen Kontseilu Nazionalak Arnaldo Otegiren dimisioa onartu du, baina iraileko biltzar politikoa egin bitartean jardunean jarraitzeko eskatu dio.

Azkenean, Otegi aukeratzen badute EH Bilduko koordinatzaile nagusi, Sortuk buruzagi berria izendatu beharko du bere biltzarrean.

Ezker abertzaleak dio Otegik "balio politiko handia" duela eta, bere hautagaitza babestuta, Sortuk EH Bildurekiko duen konpromisoa berresten duela. Horrenbestez, Sortuko kideei EH Bilduren Kongresuan parte hartzeko deia luzatu die.

Albisteak (1)