Katalunia
Urriaren 1ean izango da Kataluniako erreferenduma
E.G. | EiTB.EUS
Puigdemontek iragarri duenez, hauxe izango da galdera: Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa?
Your browser doesn’t support HTML5 video
2017ko urriaren 1ean Generalitateak honakoa itaunduko die herritarrei: Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa? Erreferendumaren galdera eta data gaur iragarri ditu Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak Generalitatearen jauregian egindako agerraldian.
Kataluniako Gobernuaren Kontseilu Exekutiboak bilera egin du goizean, eta bertan adostu du presidenteak irakurritako adierazpen instituzionala. Iragarpena Puigdemonteren ahotsean egin badute ere, haren ondoan izan dira Oriol Junqueras presidenteordea eta Carme Forcadell Parlamentuko presidentea. Kataluniako Gobernuaren gainerako kideak eta Junts Pel Si eta CUP alderdietako diputatuak ere bertan egon dira, euren babesa ematen.
Katalunia bezalako "milaka urteko nazio batek duen autodeterminazio eskubide legitimoa" erabilita egingo dute erreferenduma, eta emaitza betetzeko "konpromisoa" hartu du Puigdemont buru duen gobernuak.
Boto-paperak katalanez, gaztelaniaz eta araneraz (Katalunian ofizial diren hiru hizkuntzak) egongo dira, zehaztu duenez, eta galdera horri "bai" ala "ez" erantzun ahalko diote herritarrek.
"Katalanek euren etorkizuna erabakitzeko ordua da. Euren esku dago hori posible egitea. Desadostasunen gainetik, demokraziak batzen gaitu", adierazi du Puigdemontek.
Pati dels Tarongersen egin duten agerraldiaren ikuspegi orokorra. EFE
"Etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea"
Puigdemonten hitzetan, Kataluniako Gobernuak "berme guztiak emango ditu erreferenduma egiteko, antolatzeko eta deitzeko prozesu guztia zuzen egiten dela ziurtatzeko". Kataluniako herritarrei, bestalde, dei egin die "kolektiboki barnera dezaten euren herrialdearen etorkizuna libreki erabakitzeko duten eskubidea, eskubide besterenezina, alegia".
Gogorarazi duenez, "mundu osoan" azaldu dute Kataluniako auzia, eta Estatuarekin "behin eta berriz" bilatu dute akordioa, negoziatzeko "borondate irmoa" erakutsita. Saiakerak saiakera, eta "Katalunia legealdiaren azken txanpara heltzen ari den honetan", Puigdemontek ohartarazi du ez dutela "baiezko bakar bat ere jaso", eta horrenbestez, Parlamentuak hartutako konpromisoari jarraiki ("erreferenduma edo erreferenduma, adostua izan edo ez"), independentziaren inguruko galdeketa deituko dutela iragarri du.
Kataluniako presidenteak urtemuga bat gogorarazita hasi du agerraldia: zazpi urte dira Auzitegi Konstituzionalak Estatutuaren kontrako epaia eman zuela. Puigdemonten iritzian, urte hauetan, Estatuaren "sistema politiko, sozial, ekonomiko eta mediatikoak" ez du Kataluniarekin duen "arazo sakona" konpontzeko "inongo borondaterik" azaldu, eta horren aurrean, orain katalanei dagokie euren etorkizuna erabakitzea. "Visca Catalunya" (Gora Katalunia) batekin amaitu du presidenteak bere adierazpena.