Katalunia
Erreferendumaren iragarpenetik harago doan oro errekurrituko du Espainiak
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Mendez de Vigo Rajoyren Exekutiboko bozeramailearen esanetan, zuzenbide Estatuari aurre egiteko edozein saiakera errekurrituko du Espainiako Gobernuak.
Kataluniako independentziari buruzko erreferendumaren iragarpenetik harago doan edozein jardueraren aurkako helegitea jarriko duela esan du Espainiako Gobernuak, Iñigo Mendez de Vigo Rajoyren Exekutiboko bozeramailearen arabera.
Mendez de Vigok ministroen kontseiluaren ostean egindako agerraldian aditzera eman duenez, zuzenbide Estatuari aurre egiteko saiakera oro errekurrituko dute.
Halaber, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak gaur iragarritako data eta galdera "geroz eta jende gutxiagok babestutako alde bakarreko estrategia erradikalaren baitan" daudela salatu du. Gainera, gaurko antzezpenean "bakardadea eta isolamendua" islatu dutela esan du.
"Geroz eta gutxiago daude eta daudenak erradikalenak dira", ministroaren aburuz. Era berean, Generalitateko Gobernuak bide-orrian "aliatu berriak" bilatzeko egindako saiakeren "porrota" nabarmendu du.
Bestalde, aste honetan Erreferendumaren aldeko Itun Nazionalak egindako bilerak kale egin duela aipatu du, bertan behera utzi baitute. Horrez gain, Junt pel Sí taldeko alderdien arteko tirabirak ere azpimarratu ditu, batez ere, Gordo kontseilari ohiaren aurkako ekintza judizialek eragindako dimisioak.
Hori dela eta, hiritar guztien eskubideak defendatu eta Kataluniako funtzionarioen neutraltasuna babesteko "betebeharra" gogoratu dio Puigdemonti. Izan ere, Mendez de Vigoren ustez, "ez dute zertan bere gain hartu behar beste batzuek Zuzenbide Estatuari aurre egiteagatik duten ardura".
Azkenik, gaurko iragarpena egiteko kataluniar guztien egoitza erabili izana leporatu dio Puigdemonti, erkidegoko hiritar guztien "kalterako" izango den ekitaldi baterako. Hortaz, "erakundeen neutraltasun politikoa" eskatu dio.