Sakabanaketa
Euskal Herrira hurbiltzeko lanean jarraituko duela esan die EAJk presoei
Euskadi Irratia
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak idatziz erantzun die, banan-banan, gutuna idatzi zioten 90 presoei.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Presoen sakabanaketarekin bukatzeko eta gaixo daudenen egoerari "giza irtenbide bat" emateko lanean jarraituko dutela berretsi die Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak ETAko 90 presori.
Azken asteetan, Espainiako eta Frantziako espetxeetan dauden 90 bat presok gutuna bidali diote EAJren zuzendaritzari. Eskutitz horietan, espetxean duten errealitatea azaltzeaz gainera, sakabanaketak senideei eragiten dizkien eragozpen eta kalteen berri eman diote presoek Ortuzarri. Eskaera zehatz bat ere egin diote: kartzelako sufrimendua behin betiko bukatzeko egin behar duena egin dezala. Hain justu, gutun horiei banan-banan erantzun die buruzagi jeltzaleak.
Erantzunean, EAJk presoen eta senideen egoerarekiko "kezka" duela eta espetxe politikaren aldaketa "aspaldi" eskatu duela adierazi du Ortuzarrek. Orain arte bezala, urruntze politikarekin amaitzeko eta preso gaixoen egoerari giza irtenbide bat emateko lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi du EBBren presidenteak bertan.
Presoek egindako kritikari —duela 30 urte sakabanaketa politika EAJk lagunduta jarri zuela PSOEren gobernuak— erantzunez, Ortuzarrek nabarmendu du jeltzaleek ez dutela "inoiz" dispertsio politika babestu, ezta bultzatu ere.
Presoei eskaera bat ere egin die EAJren buruak: indarkeriaren ondorio kaltegarrien gainean "autokritika" egin dezatela. Keinu hori eginez gero, "euskal gizartearen zati handi batek presoen aldarrikapen ulergarriak" aintzat hartuko lituzkeela uste du Andoni Ortuzarrek.
Sorturen erantzuna
Sortuk Ortuzarri erantzun dio autokritika "modu integralean" egin beharra dagoela, eta "sufrimendua eragin duten guztiek, horren onurak jaso dituzten guztiek eta gatazka honen parte izan diren guztiek" egin beharko luketela, "bake eta bizikidetzan oinarritutako elkartea eraikitzeko". Gainera, EAJri gogorarazi dio "horrenbeste sufrimendu ekarri duen sakabanaketa politika sustatu eta babestu" zuela.
Hala ere, ezker abertzalea "pozik" agertu da EAJk "presoen giza eskubideak errespeta daitezen lan egingo duela publikoki adierazi duelako", baina berretsi du jeltzaleek "hasieratik sustatu eta babestu zutela horrenbeste sufrimendu eragin duen sakabanaketa politika".
"Interes politikoek jarrera aldatzera behartu duten arren, bada garaia sortutako arazoa konpontzeko", azpimarratu du Sortuk, presoen egoera konpontzeak "gizarte osoari mesede" egingo liokeela gaineratu aurretik.
Urkulluk eta Barkosek ere jaso dituzte eskutitzak
Ortuzarri ez ezik, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako presidenteak ere jaso dituzte presoek bidalitako gutunak. Lehendakariak oraindik ez du erabaki zein jarrera hartuko duen horien aurrean.