Erreferenduma Katalunian
Katalunian 8.000 hautetsontzi erosteko lehiaketa hutsik geratu da
agentziak | erredakzioa
Lehiaketan aurkeztu ziren bi enpresek ez dituzte aurreikusitako baldintzak bete. Hala ere, Generalitatea beste bide bat jorratzen saiatuko da hautetsontziak lortzeko.
Generalitateko Gobernazio Kontseilaritzak jakinarazi du 8.000 hautetsontzi erosteko lehiaketa publikoa hutsik geratu dela, baina ez diola uko egiten horiek eskuratzeari beste bideren batetik.
8.000 hautetsontzi ekoizteko esleipena lortu nahi zuten bi enpresek ez dituzte aurreikusitako baldintzak bete.
Esleipen prozesua polemikoa izan da; izan ere, Fiskaltzak kereila aurkeztu zuen Meritxell Borras Gobernazio kontseilariaren eta lehiaketa ireki zenean idazkari nagusi zenaren, Farcesc Esteveren, aurka hautetsontziak urriaren 1erako deitutako erreferendumean erabil zitezkeelako.
Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak ikerketa ireki zuen aurreko astean Borrasen eta Esteveren kontra, Fiskaltzaren kereila onartu ostean.
Neus Munte Kataluniako Gobernuaren bozeramaileak aurreko astean esan zuen kereilak ez duela oinarri juridikorik.