Turtziozko manifestua
Akordio integratzaileak defendatu ditu Urkulluk, elkarrekin aurrera egiteko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehendakariaren esanetan, bake, bizikidetza eta autogobernu alorretan aurrerapausoak ematea dira, besteak beste, Euskadik herri gisa dituen erronkak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur adierazi duenez, Euskadik aurretik dituen erronken artean daude, besteak beste, bake, bizikidetza eta autogobernu alorretan aurrerapausoak ematea, eta horretarako "akordio integratzaileak" eta "pertseberantzia" behar direla azpimarratu du.
Urkulluk Turtziozen egin ditu adierazpenok, Turtziozeko manifestua sinatu zenetik 80 urte bete direnean. Horrela deitzen zaio Eusko Jaurlaritzak azken bilera egin eta Jose Antonio Agirrek erbestera abiatu aurretik 1937ko ekainaren 30ean Bizkaiko herri horretan irakurri zuen dokumentuari.
La Puente jauregian egin dute gaurko ekitaldi nagusia, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak erbestera joan aurretik bilera egin zuen tokian. Ildo horretan eta 80. urteurrenarekin bat eginez, Gobernu Kontseiluak Turtziozen egin du gaur bilera.
Batzarraren ostean, Iñigo Urkulluk Jose Antonio Agirre lehendakariaren irudia goraipatu du. Turtziozeko Manifestu hartan, Gerra Zibil betean, Agirrek ondorengo mezua zabaldu nahi izan zuen mundura: "Lurraldea konkistatu dute, beharbada, baina Euzkadiren arima ez, hori ez dute sekula konkistatuko".
Manifestu haren 80. urteurrena bete denean, "lehen Eusko Jaurlaritzaren ilusioa eta baloreak partekatu nahi ditugu". Urkulluren esanetan, 80 urte hauetako ondare eta perspektibarekin "akordio integratzaileetan jarri behar dugu esperantza". Gaineratu duenez, herriaren erronka da bake, bizikidetza eta autogobernu alorretan aurrera egitea eta horretarako "pertseberantzia eta akordioa" behar dira. Are gehiago, akordiorik gabe blokeoa eta frustrazioa baino ez direla izango ohartarazi du.
Bestalde, La Puente jauregiko lorategietan egindako ekitaldian, Turtziozeko Manifestuaren kopia bana banatu diete Gerra Zibila bizi izan zuten lau pertsonari. Amaitzeko, manifestuaren 80. urteurrena oroitzeko mural bat inauguratu eta Jose Antonio Agirreren omenezko monumentuan lore eskaintza egin dute.