Itxi

Presoak

Foro Sozialak dio EPPKrena ekarpen 'kualitatiboa eta kuantitatiboa' dela

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Hortaz, Foro Sozialak uste du baldintza nahikoa badagoela presoen auzia "arrazoizko epeetan" konpontzeko ibilbide-orri bat adosteko.

Urtarrilean Sarek presoen eskubideen defentsan Bilbon egindako manifestazioa. Argazkia: EiTB

Foro Sozial Iraunkorrak Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) egindako eztabaidaren emaitzaren garrantzia azpimarratu du: presoen % 73k, besteak beste, kartzelatik ateratzeko bide legalak erabiltzea onartu du.

Foro Sozialeko ordezkariak Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentearekin bildu dira eta batzarren ostean EPPK-k hartutako erabakiaz aritu dira Exper Iriarte eta Juan Jesus Soria kazetarien aurrean.

Erabakia kualitatiboki nahiz kuantitatiboki oso garrantzitsua dela azpimarratu dute. "Ikuspuntu kualitatibotik ibilbide-orria osatzeko ekarpena da eta ikuspuntu kuantitatibotik presoen gehiengoak babestutako erabakia da".

Horrez gain, eztabaida prozesua "gardena" izan dela nabarmendu dute, "gizarte zibilak eskatzen zuen bezala". "Orain erabaki horiek ahalik eta lasterren jarri behar dituzte martxan", erantsi dute.

Bestalde, EPPK-k hartutako erabakia alderdi politiko guztiek garrantzitsutzat jo izana ere kontuan hartzekoa dela esan dute, "orain arte ikusi gabeko adostasuna erakusten duelako".

Horrenbestez, Foro Sozialak uste du badaudela baldintza guztiak eragile ezberdinen artean (Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, alderdi politikoak, sindikatuak eta gizarte zibila) presoen auziari "arrazoizko epe zehatzetan" konponbidea emango dion ibilbide-orria eztabaidatzeko eta adosteko.

Bestalde, euskal presoen alde Euskal Herriko lantokietan bildutako 80.299 sinadura (horietako 19.532 Nafarroan batu dira) helarazi dizkiete Foro Sozialaren ordezkariek Ainhoa Aznarez Foru Parlamentuko presidenteari.

Era berean, presoen etxeratzearen inguruan IV. Foro Sozialak egindako gogoetaren ondorioen txostena ere eman diote Aznarezi.

Dokumentua joan den maiatzaren 18an aurkeztu zuten Iruñean eta, besteak beste, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, presoak eta gizarte zibila bilduko dituen akordio transbertsala beharrezkoa dela ondorioztatu zuten.

Ildo horretan, Foro Sozialeko kideak bilerak egiten ari dira Nafarroako erakunde, alderdi politiko eta sindikatuekin.

sindikatuekin.

Albisteak (4)