Sanferminak 2017
Txupinazoa jaurti aurretik ikurrina jarri dute udaletxeko balkoian
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak helegitea jarriko duela iragarri du, erabaki horrek indarrean dagoen legea ez duela errespetatzen iritzita.
Sanferminetako txupinazoa jaurti aurretik Iruñeko Udaleko langileek ikurrina jarri dute udaletxeko balkoian, bosgarren mastan, gainontzeko banderekin batera: Iruñekoa, Nafarrokoa, Europar Batasunekoa eta Espainiakoa.
Zehazki, Nafarroako eta Espainiako banderen artean jarri dute bosgarren masta, txupinazoa jaurti baino minutu batzuk lehenago. DYAko ordezkariek 12:00etan jaurti dute jaiari hasiera ematen dion txupina.
Aurten, bertan behera geratu da Sinboloen Legea, eta, horrekin batera, sanferminetan udaletxeko balkoian ikurrina ez jartzeko UPNk egindako eskaera. Dena dela, balkoian ikurrina ipintzea ez dela "legezkoa" ziurtatu du Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak.
Ikurrina bosgarren mastan jarri ondoren, Iruñeko Udalak hartutako erabaki horren inguruko ohar bat argitaratu du. Ildo horretatik, txosten juridiko batek txupina jaurtitzen duten bitartean udaletxearen balkoian ikurrina jartzea baimentzen duela azpimarratu du Udalak.
Halaber, hiriaren “aniztasuna” aitortzeko helburuarekin Nafarroako banderaren ondoan bosgarren manda jartzea erabaki dutela ziurtatu du Udalak.
Joseba Asiron Iruñeko alkateak ikurrina balkoian jartzearen alde agertu da, Sinboloen Legea bertan behera geratu ostean, eta neurri horri esker “Nafarroako sentsibilitate guztiak ordezkatuta” ikus daitezkeela nabarmendu du.
Hala, araudia aldatu izanak ikurrina udaletxearen balkoian jartzea ahalbidetzen duela ziurtatu du.
Erabaki horren kontra helegitea jarriko dute
Udalak balkoian ikurrina jarri eta minutu batzuk geroago, administrazioarekiko auzi-helegitea aurkezteko asmoa duela iragarri du Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, erabaki horrek indarrean dagoen legea ez duela errespetatzen iritzita.