Itxi

Irtenbidea

Urkulluk ‘elkarrizketa’ aldarrikatu du Estatuaren eredua birformulatzeko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Beste alde batetik, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa hitzartzea exijitu dio berriro ere Espainiar Estatuari.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur egungo “une politiko garrantzitsua” nabarmendu du ostiral honetan, eta “nazio-errealitate desberdinei” erantzun dakiokeen Estatu eredua berriz aztertzeko “aurrez aurreko elkarrizketarako bidea” zabaltzea ezinbestekoa dela nabarmendu du. Ildo horretatik, alde guztien artean irtenbide bat bilatzeko “aldez aurretiko baldintzak” alde batera utzi behar direla gaineratu du.

Hala adierazi du lehendakariak Arrasaten (Gipuzkoa) egindako agerraldian, Lagun Aro BGAEren 50.urteurrena dela eta antolatutako ekitaldian parte hartu baitu euskal erakundeetako beste ordezkari batzuekin batera. Katalunian bizi den prozesuaren aurrean Urkullu kezkatuta agertu da, oraingoz “ez delako elkar ulertzeko deirik entzuten”. Gainera, Espainiako Gobernuak “autonomia bertan behera uzteko aukeraren inguruan edota armadari buruz egindako adierazpenen aurrean” kezkatuta azaldu da.

“Egun hauetan Kataluniaren autonomia bertan behera uztea ahalbidetzen duen 155. artikulua edo salbuespen egoera aipatzen duen 116.a ezartzeko aukera dagoela entzun dugu. Fiskaltzak aurrekontuak auzitan jarri ditu, eta armadaren papera zuzenean aztertu dute batzuek”, esan du lehendakariak. Hala, “erabaki batzuk hartuz gero atzera bueltarik ez” dutela ohartarazi du.

Era berean, araudia ez dela aldaezina azpimarratu du lehendakariak, eta “izaera politikoa duten arazoak konpontzeko beharrezkoa” izan beharko lukeela gaineratu du.

Gernikako Estatutua

Urkulluk azaldu duenez, Gernikako Estatutua lege organikoa izan arren “oraindik ez da betetzen”, eta legea errespetatu behar dela behin eta berriro errepikatzen dutenentzat eredu on bat izan daitekeela esan du.

Gauzak horrela, Gernikako Estatutua “osorik bete dadin” aldarrikatzen jarraituko duela iragarri du. Era berean, autogobernua gaurkotu eta garatzeko beharra dagoela ziurtatu du.

Azkenik, Espainiar Estatuari Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa hitzartzea berriro ere exijitu diola iragarri du, “hurbiletik kudeaketa eraginkorragoa” egin daitekeela iritzita.

Bideoak (1)