Dokumentazioa
ETAren su-etenak
G. Palacios
Erredakzioa
1959. urtean sortu zenetik, ETAk behin baino gehiagotan iragarri du su-etena, baina beti ez ditu gauzatu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
1959. urtean sortu zenetik, ETAk behin baino gehiagotan iragarri du su-etena, baina beti ez ditu gauzatu.
Gainera, batzuetan arlo zehatzetara mugatu ditu, adibidez, espetxeetako funtzionarioen edo ertzainen aurka erasorik ez zuela egingo iragarri zuenean, edo bakarrik Kataluniarako su-etena jakitera eman zuenean.
1988-01-28: Lehen su-etena
Lehen su-eten eskaintza 1988ko urtarrilaren 28an izan zen. Egun batzuk lehenago, "Euskadiren bake eta normalizaziorako akordioa" sinatu zen, 'Ajuria Eneko Hitzarmena', alegia. Testuinguru horretan, ETAk 60 eguneko su-etena iragarri zuen.
Espainiako Gobernuarekin harremanetan jartzea lortu zuen, baina saiakerak ez zuen fruiturik eman. Epea amaitu aurretik, erakunde armatuak Emiliano Revilla enpresaburua bahitu zuen.
1989-01-08: Aljerreko elkarrizketak
Hilabete batzuen osten, ETAk aske utzi zuen enpresaburua, eta 'Ajuria Eneko Hitzarmena'k lehen urtea bete zuenean Aljerreko elkarrizketa prozesua hasi zen.
Abiapuntua ETAk iragarritako 15 eguneko tregua izan zen. Mahai beraren inguruan honakoak eseri ziren: Eugenio Etxebeste Antxon ETAren izenean eta Rafael Vera Segurtasun idazkaria Espainiako Gobernuaren izenean.
Bilerek apirilaren 4ra arte iraun zuten. Alde bakoitzak besteari borondate falta leporatu ondoren, ETAk "borroka"ri berriro ekingo ziola iragarri zuen.
1992-07-10: Bidarteko atxiloketen ondoren
1992ko uztailera arte ez zuen ETAk berriro su-etenik aldarrikatu. Ordukoa, 60 egunekoa izan zen. Hilabete batzuk lehenago, martxoan hain zuzen, erakundearen zuzendaritza osoa atxilotu zuten, tartean Francisco Mujika Garmendia, Pakito, burua.
Garai hartan, Leitzarango autobidearen ibilbidea aldatu egin zuten, EAJren eta HBren arteko elkarrizketen ondorioz. Ordura arte ETAren helburu izan zen azpiegitura.
1996-01-23 Tregoa eskaintza PPri
Lau urte itxaron behar izan ziren hurrengo eskaintzarako. 1996ko martxoan, Alderdi Popularrak hauteskundeak irabazi zituen eta, lau hilabete geroago, ETAk Gobernuari harremanak hasteko deia egin zion. Baina Jose Maria Aznarrek muzin egin zion.
Handik urtebetera ETAk euskal gizartea gehien asaldatu duen atentatua burutu zuen: Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotziaren bahiketa eta hilketa.
1998-09-06: Su-etenik luzeena
Euzko Alderdi Jeltzalearekin eta Eusko Alkartasunarekin izandako elkarrizketen eta Lizarra-Garaziko akordioaren ondoren, historiako su-etenik luzeena iragarri zuen ETAk 1998ko irailean.
Espainiako Gobernuak "tregua-tranpa" deitu zion, baina elkarrizketak hasi zituen erakunde armatuaren zuzendaritzarekin. Ezker abertzaleak, indarkeria desagertzeko eta bide demokratikoetatik abiatzeko, gobernu-hitzarmena sinatu zuen beste alderdi abertzaleekin.
Treguak 14 hilabete iraun zuen. Handik gutxira, atentatuak hasi ziren berriro. Fernando Buesaren hilketak Euskal Herritarrokekin izenpeturiko akordioa bertan behera utzi zuen. Aralar EHtik bereizi zen.
Maiatzaren 13ko hauteskundeetan, sozialistek eta popularrek ez zuten lortu abertzaleak Jaurlaritzatik botatzea, baina Terrorismoaren Aurkako Ituna sinatu zuten. Batasuna legez kanpo utzi zuten Alderdien Legea erabilita.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernura heldu zen 2004ko apirilean eta urrian, berriz, Mikel Antza ETAren ustezko burua atxilotu zuen Frantziako Poliziak.
Ondoren, erakunde armatuak komunikatua atera zuen honako mezuarekin: Saiatu gabeko bide berriari ekiteko garaia da.
2006-03-22: "Su-eten iraunkorra"
2006ko martxoaren 22an, ETAk "su-eten iraunkorra" iragarri zuen. Orduan bake-prozesua hasi zen eta Espainiako Gobernua ETArekin batzartu zen Genevan, baina negoziazioek huts egin zuten.
EAJk, PSE-EEk eta Batasunak ere bilerak egin zituzten Loiolako Santutegian.
2006ko urriaren 31n, hiru alderdiek akordioa lortu zuten, eta horretan hainbat puntu onartu zituzten: Euskal herritarren "nortasun nazionala", Estatuak euskal gizartearen erabakiak errespetatu behar dituela eta euskal herritarren eskubide guztiak bermatuko direla, besteak beste.
Baina azkenean negoziazioek kale egin zuten, Batasunak gauza gehiago exijitu zituelako, EiTBk garai hartan irakurri ahal izan zituen txosten batzuen arabera.
Su-etenak iraun zuen bitartean, oztopoak jarri izana leporatu zieten elkarri ETAk eta Espainiako Gobernuak.
ETAk 2006ko abenduaren 30ean amaitu zuen su-etena praktikan, Barajaseko aireportuan furgoneta-bonba bat leherrarazita (bi pertsona hil ziren), baina ez zuen 2007ko ekainaren 5a arte iragarri 'ofizialki'.